Azkenean, eta ederki kostata, erabaki du Kolonbiako Hauteskunde Batzordeak nork irabazi zuen joan den igandeko bozketa, eta, ondorioz, nor izango den herrialdeko presidentea hurrengo lau urteotan: Abelardo de la Espriella, eskuin muturreko gobernuburuak erreferentziatzat dituen politikaria. Ahalegindu dira Ivan Cepeda ezkerreko hautagaiaren kanpainako arduradunak, helegiteen bidez, igandeko boto kontaketaren emaitza iraultzen, baina ez dute lortu. Hortaz, Cepedak, eman zuen hitza beteta, onartu egin du De la Espriella izatea presidente berria.
Ez zitzaien arrazoirik falta Ivan Cepeda hautagaiaren aholkulari legalei 30.000 hauteskunde mahai inpugnatzeko. Duela lau urte, hauteskundeetako bigarren itzulian, Gustavo Petro ezkertiarrak 390.000 boto gehiago lortu zituen inpugnazioaren ondorioz. Eta aurtengo martxoan, Kongresurako eta Senaturako egindako hauteskundeetan jarritako helegiteen ondorioz, 50.000 boto gehiago lortu zituen ezkerrak.
Nola gobernatuko du presidente berriak? Ez dauka alderdirik, bere kabuz aurkeztu baita presidentetzarako hauteskundeetara; ez dauka aulki bakar bat ere, ez Kongresuan, ezta Senatuan ere
Kontua da joan den igandeko kontaketan —aurrekontaketa esaten diote hemen— Abelardo de la Espriella ultraeskuindarrak 250.000 atera zizkiola Ivan Cepedari, eta alde hori handia izan dela epaileen kontrolpean egiten den benetako kontaketan —eskrutinioa esaten diote— aldea gainditzeko.
Nola gobernatuko du presidente berriak? Ez dauka alderdirik, bere kabuz aurkeztu baita presidentetzarako hauteskundeetara; ez dauka aulki bakar bat ere, ez Kongresuan, ezta Senatuan ere. Bi ganbera horietan Itun Historikoak oso emaitza onak atera zituenez, De la Espriellak arazo larriak edukiko ditu bere lege egitasmoak aurrera ateratzeko, ganberek egingo baitute benetako oposizio eragilearena.
Ganberei bizkar emanda gobernatuko du? Gizarte taldeek, beheko klaseetako kolonbiarrek eta aurrerakoiek badaukate larritzeko arrazoi franko eskuin muturreko presidentearekin. Batek baino gehiagok gogoan du sindikatuek eta ikasleek 2021ean hilabete luzez antolatu zuten gizarte leherketa: 70 herritar hil zituen poliziak.