Miren Amuriza.
LARREPETIT

Beste ipuin bat

2016ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Maiatzaren 21ean GeuBe elkartekoen jaialdia izango da Berrizen, urritasunen bat duten eskualdeko gazteen familia eta hezitzaileen eguna. Bertso eskolakooi parte hartzeko gonbita egin ziguten eta joan zen astean ekin genion prestaketari: helduak ofiziotan eta hasiberriek (6-9 urte) agurrak. Azken horiei bete-betean proposatu nien «zuek laurok egizue hasierako agurra, zuek hirurok amaierakoa» eta euren hit kuttuna, Furra-Furra, hautatu zuten kanturako. Handik laster, non datozkidan paper mutur batean hasierako kopla hau idatzita: «Oso pozik egon da Olakueta plaza/eskerrik asko eta egun ona pasa». Ederto zegoela nik, baina agian ez zela sarrerarik egokiena izango. «Zuk esan duzu agurra egiteko» Ekiñek; zapla, hortxe duzu fandangua! Nik errepika agurra esan nuela, bai, baina hasierakoa. Bekainak zimurtu zituzten, zer absurduren bat entzun izan balute legez; haien burutxoetan «agurra» eta «hasiera» esaldi berean kabitzen ez.

Luzaz jardun ginen agurtzea zer ote zen argitu guran. Agurra eskerrak emateko dela zioten; tristea izaten dela (adibidez udalekuetan); agurtzea urruntzea dela; ausarta izatea, batak urratsa egitea eta besteak joaten uztea. Agur Xiberua; agur nire ama laztan goxoari; agur sagar beltzeran; agur, agur, agur... ilargira noa. Euskaraz ordea, ongi etorria ematea ere izan daiteke agurtzea; «kaixo, aspaldiko» eta bi patxo; kideari zer moduz dagoen galdegitea; datorrenari begi-belarriak, besoak, bihotza... zabaltzea.

«Ni liatu naiz» hasperenka Kattalinek. Esplikatu nien hasierako agurra «bazen behin» esatearen pareko litzatekeela, aldiz amaierakoa «hala bazan edo ez bazan»; nahiz elkarren segidan etorri beti, desberdinak direla. «Baina liburu bat amaitzen denean ja ez dago orri gehiago, ez dago berriro bazen behin... Zer hasten da orduan?» Ekainen galdea. «Ba beste ipuin bat!» Unaik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.