Gaur, berez, kontatu nahi nizuen nola gainditu nuen duela urtebete hegan egiteko beldurra. Nola lagun batek proposatu zidan bidaia bat egitea. Nola gaur juxtu urtebete hiru lagunek eutsi zidaten bederatzi orduz Atlantikoa zeharkatzen ari nintzela. Kontatu nahi nizuen nola itzuli nintzen hainbeste (adis)kide eman dizkidan Karibera. Zeinen garrantzitsua zen niretzat ozeanoz bestaldera joatea lagun baten heriotzaren dolua egiteko. Nola eskatu nien horretarako Kolonbiako lagunei elkar ikus genezala Venezuelan, eta nola haiek gonbidatu ninduten bidaiaren ostean Bogotan gelditzera agur erritua denok batera egiteko. Kontatu nahi nizuen ezin izan nintzela joan, nazioartean mehatxu egiten ari zirelako Venezuelako aire espazioa itxiko zutela. Gaur, berez, orain arte zerrendatutakoaren aitzakian beste zerbaitetaz hitz egin nahi nuen: adiskideen garrantziaz, bat-bateko heriotzen kudeaketaz, doluak urrunean egiteaz, hegazkinaz, lekuko kazetaritza egiteaz, edo halako esperientzia batek urte osoan nigan eduki duen inpaktuaz. Nik zer dakit.Â
Hori guztia kontatu nezakeen han zertan izan nintzen kontatu gabe. Busti gabe, lerratu gabe. Baina Nicolas Madurok kargua hartzeko ekitaldira joan nintzen. Han zer gertatzen zen bertatik bertara kontatzeko. Han ginen Maria Corina Machadok Caracasko auzo batean agerraldia egin zuenean, han urtarrilaren 10ean hiria jai giroz lehertu zenean. Han supermerkatuak goraino zeudela jendeari galdezka erreportajeak egin genituenean. Han mugimendu feministarekin elkartu ginenean. Eta urtebeteren ostean, kontatu nezakeen egun haietako esperientzia, hor ere busti gabe, lerratu gabe. Irudipena baitut hala egin dugula gutako askok zenbaitetan. Zalantza kritikoagatik bainoago beldurragatik gehienetan. Zeren eta hainbeste famatzen den gure «demokrazia liberalean» ere existitzen dira betoak, aukera politiko batzuk deabrutzea eta ahots batzuk isilaraztea. Ikuspegi manikeo bat, finean. Telefonoz bestalde ditut, ordea, kide venezuelarrak, kolonbiarrak eta mexikarrak, eta azalaz bestalde odola inpotentziaz borborka. Beste zerbait nahi nuen, baina historiaren alde egokian kokatu nahi dut aho handiz gaur.Â