Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Beti dira asko

2017ko azaroaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ni ere sututa nago. Egunotan hainbeste hitz egin da Iruñean izandako bortxaketaz, ez nuela horren gainean gehiago esan nahi. Bonn-en izandako klimaren gaineko 23. goi bileraz hitz egin nahi nuen. Eta asmoa nuen Friburgo hiriari buruz zerbait esateko, Europako hiririk eramangarrienaz. Baina irakurketen artean lerro buru batek kosk egin zidan: Bonn-eko klimaren goi bileran sexu gehiegikeriak salatu dituzte.

Ez ninduen harritu; izan ere, mundua dagoen moduan egonik ohituta egon beharko genuke. Eta aldi berean, harritu ninduen. Nazio Batuen Erakundeak Klima Gaietarako duen idazkariak, Nick Nutallek, salaketak egon direla onartu du. «Bostetik hamarrera», dio. Ea, gauzak argi utz ditzagun: bost, sei, zazpi, zortzi, bederatzi, hamar... zenbat salaketa egon da? Hain zaila da zehaztea ala kopuru «onargarria» eman nahi dute gehiegi izutuko ez duena? Itzel gustatzen zaizkit gauzak samurtzeko eta berauen larritasuna beheratzeko esaten diren esaldi-bonbak: 30.000 parte-hartzaile izan dituen bi asteko goi bilera batean gehiegikeria kasuak ez dira asko. Nutallek esan ei zuen, behintzat horrela agertzen da albistea dakarten egunkari zenbaitetan. Asko, beti dira asko, baina lastima ezin Nick Nutallekin hitz egin zehaztu diezagun zehazki noiz diren asko. Azken esaldi horretatik galdera asko sortu zaizkit. Ziurrenen adierazpenak jasotako kazetariek ere izango zituzten, baina Nutallek ez ditu erantzunak eman. Zenbat salaketa eta kexu egon dira aurreko beste goi bileretan, eta egon badira, zergatik isildu dira? Pozten naiz, oso, sexu gehiegikeriak salatzen direlako, hedabideetan daudelako, baina batzuetan beldur naiz ez ote den moda iheskor bat izango. Hots, jendea osotzen duten pertsona multzo handi horrek ez ote duen bazkarik soilik behar barruko herra nonbait okatzeko. Arduratzen nau, emakumeen aurkako indarkeriak, tamalez, jarraitzen duelako. Eta erauzteak luze joko digulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.