Hedoi Etxarte

Beti kontra

2026ko ekainaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Haien bizitzarekin esplizituki literatura egiten duten idazleek sarritan efektu bera sortzen didate. Adibidez Dovlatovek Marianna Volkovarekin egin zuen liburu hartan. Sarritan pentsatzen dut hiru aukera daudela: gizon horren bizitza (eta beraz egon zen toki horietako, garai haietako, mundua) oso dibertigarria zen; ala ez zen dibertigarria baina kontatzea hautatu zuen pasarte horiek apartak ziren baina bazen non hautatua; ala kontatzen dituen gertakizun horiek ez ziren inondik ere hala gertatu baina irudimenarekin eta estiloarekin, literaturaren bidez, festa bilakatu zuen bere bizitza grisa. Ala agian aurreko hiruren konbinazio bat.

Pasartez pasarte, Dovlatoven liburuekin soilik, hamahiru urtez, astero astero, zutabe bat bete nezake baina, oraingoz, bi ekarriko ditut hona.

1972an egin zuen alde Brodskyk Sobietar Batasunetik. Bihotzeko operazio konplikatu bat egin zioten erbestean eta Dovlatov bisitan joan zitzaion ospitaleko gelara. Dovlatovek aitortu zuen, egoera arrunt batean ere, Brodskyren presentzia hain zela gogorra, norbera zanpatua sentitzen zela. Brodskyren hauskortasunarekin jabetuta, Dovlatov ohi baino lasaiago zegoen. Brodsky etzanda zegoen, zurbil, nekez arnasten zuen, kableekin makinetara lotuta zegoen eta Dovlatovek esan zion: «Oker zaude gaixo egonda. Evtuxenkok esan berri du kolkhozen kontra dagoela...». Antza, Moskuko idazleen batzarrean Evtuxenkok parte hartu berri zuen aski posizio erradikal batean. Dovlatovek berriro esan zion Brodskyri: «Evtuxenko kolkhozen kontra dago». Orduan Brodskyk, hiltzear dagoenaren ahotsarekin, erantzun zion: «Ba bera kontra badago, orduan ni alde...».

Liburu berean Evtuxenko poeta ere aipatzen du Dovlatovek, hara pasartea: «Evtuxenko gaztea aurkeztu zioten Akhmatovari. Evtuxenkok modako jertse bat zeraman eta inportaziozko jaka bat. Luma estilografikoak dirdira egiten zuen bere poltsikoan. Akhmatovak galdetu zion: – Non dago zure hortz-eskuila?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE