Ander Perez Argote

Beti?

2025eko ekainaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Behin baino gehiagotan gertatu zaizu, ustelkeria kasu baten ondorioz norbait atxilotu dutela irakurri izan duzunean: zeure buruari galdetzen diozu nolatan iritsi diren pentsatzera ondoriorik gabe lapurtu zezaketela, debalde egin zitzaketela azpijokoak, lehenago edo beranduago harrapatuak izan gabe. Halakoetan, egia azkenerako beti azaleratzen dela esan izan dizu intuizioak, jakin beti jakiten dela, ustelak behar beste prekauzio hartuta ere. Eta beraz, zuk baldin badakizu, nola ez ote duen ustelak ere jakingo, galdera egiten diozu zeure buruari.

Azken asteetako gertakariekin berriz pasa zaizu. Mataza oraindik desegiteke dago, denbora beharko da hari guztiak askatzeko, baina sakon itxura du Cerdan, Abalos, Koldo eta enparauen ustelkeria kasuak. Eta berriz galdera: eskuin eta ultraeskuin mediatiko eta politikoaren ofentsiba erabatekoaren erdian, egiten duzun oro lupaz begiratuko dutela jakinda, eta aurrekariak —alderdi berekoak zein beste batzuenak— azkenean nola azaleratu diren ikusita, nolatan arrisku hori hartu?

Bi erantzun posible otu zaizkizu boteprontoan. Bata, botere kuota eta zirkulu jakin batzuek holako praktiketara bultzatzea ezinbestean, kultura politiko jakin batzuei eta politika aberasteko karrera gisara ulertzeko modu bati beti itsatsita baleude bezala praktika ustelak. Esfera batzuetan mugitzeko beharrezkoa balitz bezala, arriskua hor dagoela jakinda ere, jonkiak droga behar duen bezala, hilko duela jakin arren. Bigarren erantzuna lehenengoarekin lotuta dago, baina are kezkagarriagoa litzateke: halakoak beti jakiten direla uste hori ez izatea erabat horrela, hau da, sekula azaleratu gabeko ehunka kasu egotea, legez kanpo aberastutako milaka tipo, jakin ez direnak eta sekula jakingo ez direnak, norbaitek arriskuak merezi duela pentsatzeko adina.

Eta ez dago erantzun baten eta bestearen artean zertan aukeratu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.