Hemen da polemika, udako egun luzeen gatz eta aspergarrien berakatz. Heldu den astean estreinatuko da Odisea, Christopher Nolanek Homeroren obran oinarrituriko filma. Eta bada zaratarik bazterretan dagoeneko. Arrazoi nagusia: Lupita Amondi Nyong'o mexikarrak egiten duela Troiako Helenarena. Eta zarata da, egin-eginean, ez mexikarra delako.
Besteak beste, Elon Muskek hauspotu ditu txingarrak, Nolanen kontra ekin dionean aurrena, Helena beltza izanik, epopeiaren «funtsa» errespetatzen ez delako, eta Tom Holland historialariaren kontra ondoren, «inoiz ikusi dudan mitoaren egokitzapen onena da» adierazi duelako. Woke jendea pozik uztea omen da helburua, Oscar sariak irabazteko.
Barregarria litzateke ez balitz amorragarri lanjerosa. Bistan da, Musk ez da sormenaz ari, ez historiaz. Eta uste dut, ardura ere, deus gutxi ardura diola Homeroren obraren muinean zer dagoen. Nabarmendu nahi izan du, markatu beharrekoak markatu eta biblia zein duen erakutsi; ezen jatorrizko obraz eta fideltasunaz ari bagara, adibide sorta ederra du, nahi izatera, bere buruari gogor egiteko, hasi Coppolak Kongotik Vietnamera eramandako Apocalypse Now-rekin, segi Kurosawak egindako zoragarrikeriarekin Shakeaspearen Lear Erregea Japonia feudalean girotuta eta, errematerako, top-etan top-ena, milioika fededunen ikonoa. Izan ere, nondik atera da Nazareteko Jesus garaia, ileluzea, azalzuria eta begiargia dela? Biblian ez da haren deskribapenik ageri. Konstrukto kulturala da, antropologoek esatera orain dela bi mila urte Palestinan bizi ziren gizonik gehienak beltzaranak baitziren, ilemotxak, begi eta azal ilunekoak eta ez 1,60tik gorakoak.
Eta horra gaia: aipaturiko guztiak lizentzia sozialki onartuak badira, non dago arazoa Troiako Helenaren kasuan? Homeroren obra da defenditu nahi dena ala gure gizartean edertasunaren «eredu» behar lukeena definitu nahi da? Etxera etorrita, berez dator galdera, integrismo ororen kaltegarri: benetan, zer diogu «betiko» diogunean?
Tradizioa jatorria ahaztea da.