Euskal erresistentzia armatua, euskararekiko afektibitatea sentitzen duen komunitatearen samin, frustrazio eta inpotentziaren ondorioa da. Foruak babesteko tresna demokratikorik ezak hiru altxamendu eragin zituen. 36ko herritar zibilen sarraski eta ondorengo euskal kulturaren hilketa saioek 51 urteko borroka armatua eragin dute. Euskal gizarteak onartu ez zuen Konstituzio eta uztailaren 18aren zilegitasunez Francok errege izendatu zuen estatuburua inposatzeak gaurko egoerara ekarri gaitu. Beraz, atzerabueltarik eza samin, inpotentzia eta frustrazio hori desagerraraziko duten bitarteko demokratikoak eskuratzean datza. Eta norabide horretan, faktore pisutsuagoa da Frantzia Zuberoan, mendeetako politiken ondorioz, lortzear den euskararen desagerpena, Gernikako eta Bruselako paperak baino.
Atzeneko komunikatuak eragin dituen erreakzio gehienak Silvio Rodriguezek laburbiltzen ditu «se debe subrayar la importante tarea de los perseguidores de cualquier nacimiento» esaldian. Argi dago EAJ 51 urteko borroka deslegitimatzeko gurutzadan sartu dela buru-belarri. Ezker Abertzaleak ez du joko horretan sartu behar, utzi diezagutela lan hori kulturgileoi. Ez dira konturatzen Arkaitz Otazuaren hilobia mespretxatzen duenak Intxortan jausitakoak iraindu eta Amaiurko gudariak bigarren aldiz hiltzen dituela. Arrazoi duzu Iñigo, mila aldiz altxatu da herri hau, eta mila aldiz garaitu dute. Baina Artxandan milaka gazte «alperrik» hil ez balira, zure alderdiak ez luke egun boto bakar bat ere edukiko. Aditu zer gertatu zitzaion karlismoari irabazleen aldera igaro zenean. Borrokaren balio intrintsekoak garaipenera kondenatzen gaitu, mila urtez galduta ere, behin irabaztea nahikoa zaigu eta.
Udal Hauteskundeak datoz,eta gure botoek eragin behar dute, nuluak ez du balio. Soilik etekina emateari uzten dionean indargabetuko dute Alderdien Legea.
Larrepetit
Bide eginez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu