Maitatzea debekatuta dagoen herrian gehiegi poztea ere galarazita balego legez, Udalbiltzakoei poz neurtua igarri diet. Jakitun dozena bat euskal herritar espainiar indar armatuen eskuetan daudela zure amesgaiztoa amaitzen den unean. Zurekiko «keinua» beste batzuen oinazearekin ordaintzen dela. Eta gurean egon den ametsik ederrenetakoak, Udalbiltzak, amesgaizto izateari utzi diola jakinda, berriz ametsetan heltzeko unea dela irizten diozu. Zuberoak bizi behar duela. Eta horixe diosku Aurore Martinek ere egunotan. EH Baik bidea markatu zuen aspaldi. Aurore Martinen alde egin duten hautetsiek legearen eta bidezkoa denaren arteko hautua egin eta beste lezio bat eman dute. Jeikiko dira egiazko xiberutarrak, Matalazen hilketa izan zenetik 450 urtera. Eta Zuberoara, mapari begiratu, Nafarroan barna joan behar da beti. Baina esan dugu, bidea argi markatuta dago. Eta bide bakarra dagoenean, gauzak erraztu egiten dira. Esan zigun Gotzon Garate zenak: estatuak ez du automatikoki euskararen biziraupena bermatuko, baina estaturik ezak ziurra dauka euskararen heriotza. Beste leku batzuetan landu dituzte beste formula batzuk, Danimarka delarik metropolia, kasu. Baina zure metropolia Espainia edo Frantzia bada, argi dago: loturak oro eten ezean, jai daukazu. Eta orain berdintsu: Nafarroan batzeak ez dakar berez garaipena, baina ez batzeak ez irabaztea dakar ezinbestean. Erlantz Urtasunek Tuterako kolonizazioaz eman dizkigun datuak aski argigarri, bidenabar.
Financial Times-ek bidea markatzen dio Espainiari, eta presioa nabarmen hazten. Cascadia, Padania eta Vermont dauden eta Groenlandia, Feroe uharteak edo Abkhazia falta diren zerrendak ezin lar serio hartu, baina FT-ren analisia beste zerbait da. Etxeko arazoak etxean konpondu behar dira ziur aski, eta etxeko ekinak mugiaraziko du Espainia, baina nazioartearen bultzada ez dezagun gutxietsi. Une erabakigarrietan presio polita egin diezaioke-eta fitxarik mugitu gura ez duenari.
Larrepetit
Bidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu