Antonio Machadoren poemen artean bada bat, Serrat lagun, garai batean buruz ikasi genuena: «Bada dagoeneko bizi nahi eta/ bizitzen hasia den espainola,/ hiltzen ari den Espainiaren eta/ aho zabalka den Espainiaren artean./ Mundura zatozen espainoltxo hori,/ jagon zaitzala Jainkoak/. Bi Espainietako batek/ dizu izoztuko bihotza». Bi Espainiak ez ziren, maiz hala saldu zaigun arren (esan du PISAk: arazoak ditugu irakurria ulertzeko), aurrerakoiena eta faxistena. Poeta ibiltariarentzat, hil hurran zegoen Espainia zen bata, zaharmindua, monarkiarena eta oligarkia periferikoena; eta ezeren ardurarik gabe bizi zena bestea, soraioa, nagia eta ezjakina.
Eguneratua ematen zaigu metafora orain: Sanchezen gobernuarena eta haren euskarriena da bata; zerumugan trostan datozen zaldi beltzena bestea. Tartean ez dago firi-fararako plazarik. Eta hain larria denez egoera, egunero dugu hemen ere zirt edo zart egin beharra, baita talk show-en artean ere. Eta hala, badakigu fatxa samarra dela laguna El Hormiguero ikusten duelako eta ezkertiar guaia halako, La Revuelta duelako gustuko.
Ez duzu begiko Broncano hori, baina jendarte zabalaren erreferentzia bihurtua da gizona, hain zorrotza da izan ere. Une gorena egunero, bi galderak egiten dizkionean, titili-potolo, gonbidatu astinduari: zenbat diru duen bankuan eta zenbat sexu harreman izan duen azken hilabetean (nola ez, zakilketak ematen du puntu gehien), dena 36ko irabazleen banderaren kolorez apaindutako dunbel batez edertua. Bistan da, demagun, Luis Buñuelek edota Gloria Fuertesek, bizirik balira, egingo lituzketen galdera gaizto berberak.
Machado Cotlliureko erbestera kondenatu zutenak boterearen eta bestelako garbiketa baten atarian direla, ez nau, baina, pitorik kezkatzen Broncanoren etorkizun laboralak. Beste bat dut begiko fitsa. Poema etxerako egokiturik: ez al gara geu, «bizi nahi eta bizitzen hasiak» garen euskalduntxook, begira-begira, suge limurtzaileek «bihotza izoztu» diguten txori?