Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Bizitza bezain erreala

2016ko azaroaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sumner Redstone 93 urteko aberats estatubatuar bat da (Forbes-en arabera, haren ondasuna 5.600 milioi dolar da). Aguretxu samur eta gupida eragilea. Diotenez, gazteagoa zenean, marrazo ankerra zen, baina adinak makaldu egin du, eta, 93 urterekin, bizitza azpiratzen ari da Trump zahar eta zimurtuago baten piura duen gizona. Bizi, Beverly Hillsen bizi da (non, bestela?). Han, jauregi handi bat dauka, baina jauretxetik ibiltzeko laguntza behar du, eta ezin du berbarik egin. Duela ez asko, Redstonek, «nagusiei eragindako gehiegikeriak» argudiatuz, salaketa bat jarri die bi emakumeri epaitegietan: Redstone baino askoz gazteagoak diren bere neska-lagun ohi Sydney Hollandi eta bere osasunaz arduratzen zen Manuela Herzeri. «Larrialdi emozionala» eragin eta milioka dolar lapurtu diotela dio gizonak. Emakume gaizto bi horiek bitxiak, luxuzko arropak, bidaiak, akzioak, eta etxeak lortzeko manipulatu omen zuten Redstone. Emakume sakatsok haren bizitzan kokatu, eta haren munduaren, diruaren eta ondarearen jabe egin ziren. Azpi-istorio gehiago ere badago: Sydney Holland beste gizon (gazteago) batekin harremanetan zebilela jakin zuenean, etxeko jaunak etxetik bota zuen. Eta gero Manuela Hezer, amarrutan ibil zitekeela eta. Egon, irakurle maitea, ez ezazu alde egin, beste pertsonaia bat sartuko delako orain: Shari Redstone, alaba. Bai, aita berreskuratu nahi du.

Orain, Sumner Redstonek (edo haren abokatuek) dio(te) emakume zitalok esaten ziotela inork ez zuela maite, soilik beraiek, eta eurak aldegiten bazuten Redstone bakarrik geldituko zela mundu zabal eta latz honetan. Estualdi emozionala, gogoratu.

Eta, orain, ez iezadazu uka bizitzak inspirazio asko ematen digula film edota telesail onak egiteko. Ez dakit zertan dauden gidoilari estatubatuarrak, baina, hemen, denboraldi luzez modu arrakastatsuan luza litekeen telesail bat ikusten dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.