Halako batean obratu zuen Simon Wekert alemaniar artistak hilabeteetan egosten zerabilena. Lagunen eta ezagunen artean 99 telefono sakelako eskatu, aktibatu, gurditxo gorri batean bildu eta pasieran atera zen Berlinen. Erantzuna berehalakoan heldu zen. Googlek, mugikorren multzotzea ia geldian zegoen auto-ilara legez interpretatu eta inguruetako kaleetara bideratu zuen trafikoa Google Maps-en. Hala promenatu zen Wekert kale hutsean barrena, erdi-erditik.
Performancea ez zen jolas hutsa. Erakustalditik beste zuen salaketatik: «Mapek, ezagutzaren eta boterearen arteko konbinazio horiek, txertaturik daramate boteregailua beren baitan», azaldu zuen Wekertek. «Googlek irudikatzen dizkigun mapak eta Lurraren ereduak erabat baldintzatzen dute inguruaz dugun pertzepzioa».
Gentrifikazioaren kontrako borrokan zuen sorburua Wekerten saioak. 2012an, Berlinen bertan, Wrangelkiezeko bizilagunek atzera botatzea lortu zuten BMW autogileak zuen proiektua, alegia, BMW Guggenheim Lab. artegunea zabaltzea auzoan, non eta trafikorik gabe zuten inguruetako batean. 2018an, protestak medio, Googlek berak etsi egin behar izan zuen eta eraiki gabe utzi zuen Neukollnen eraiki asmoa zuen campus teknologikoa. Dinamika horren barruan ekarri zuen Wekertek bere alea. Beren-beregi igaro zen gurditxoarekin konpainiaren egoitzaren aurretik: «Googlek porrua sartu digu».
Eta oraindik esku-zartaka behar nukeen arren, ondo azaldu ezin dudan egonezina eragiten dit gurditxo gorri horrek. Badu arteak hori, irakurketa bat baino gehiagorako bide izatea. 99 gailu puntu bakarrean bildu eta, ondorioz, ingurua hustu. Ez al da hain justu hori Trump egiten ari dena? Anglo-saxoi jatorriko zuriak bildu eta fuera ingurutik beste guztiak? Han dela edo hemen dela, ez al dira gurditxoa eta haren bueltako basamortua edozein ideologia supremazistaren irudikatze perfektua?
Oraindik entzun egiten dut Koldo Izagirreren Metxa deiadarka: «Gora gu eta... beste asko!».