Hedoi Etxarte

Bizitza idatzi

2025eko abenduaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dut asteazkenean France 5 katean jarri zuten Écrire la vie: Annie Ernaux en d'autres mots dokumentala ikusteko aukerarik izan, baina azaroaren azken-aurreko egunean Ali Baddouk eta Marion L'Hourek France Interren Claire Simon zuzendariari eta Annie Ernaux idazleari egin zieten elkarrizketa behin baino gehiagotan entzun dut jada.

Ezintasun batetik hasi zen Simon: nola egin dagoeneko hainbeste dokumental dauzkan, hainbeste elkarrizketa egin dizkioten idazle bati buruzko pieza bat? Sorlekura itzuli? Jaioterrira? Eta azkenean bigarren hezkuntzako ikastetxeetan sartu ditu kamerak eta Ernauxen lanak irakurri dituzten 15-17 urteko neska-mutikoak jarri ditu solasean.

Dokumentalaren une batean, irakasleetako batek galdetzen omen du ea beharrezkoa ote den Ernauxen literatura, eta ikasleek aho batez baiezkoa esaten omen dute. Ernauxek literaturaren aldeko aldarri bat egiten du, eta gorputzarena. Une batean ikasle batek Gertakizuna-ren pasarte bat irakurtzen du ahots gora, deserosotasuna nagusitzen da, irri egiten ari dira mutiko batzuk, irakurtzen ari dena kontatzen ari da nola doan korrika komunera abortatzear dagoen emakume bat enbrioia botatzera. Arina zirudien neskatxa irakurleak dio orduan «idatzi izan ez balu ahaztuko luke agian» eta orduan beste neskatxa batek Ernauxen beraren esaldi bat aipatzen du: «Gauzak gertatu zaizkit konta ditzadan». Simoni oso indartsua iruditzen zaio. Ernauxek kontatzen du nola ikasle mutiletako bat eskuak okertzen ari den eszena latza delako. Bizitza eta literatura delako gogorra hor.

Ernauxek azaltzen du orduan, bere burua toki bat bezala ulertzen duela, handik pasatzen direla istorioak. Eta Ernauxen liburuek, gazte horiengan askatasun eremu bat sortzen du, solasaren bidez.

Bizitza idatzi da Gallimarden Ernauxek dituen bildumetako baten izena, Baddouk ekarri ditu orduan Ernauxen hitzak: «Bizitza idatzi. Eta ez 'nire bizitza idatzi' edo 'haren bizitza idatzi', ezta ere 'bizitza bat idatzi' baizik eta 'bizitza idatzi'. Ez dut nire bizitzarekin obra bat egin nahi izan, hura erabili nahi izan dut beste zerbait egiteko, egia sentibera baten ordenako zerbait». Zer esan nahi ote duen bizitza idazteak, eta Ernauxek erantzun bizitzan nahasten gaituena, hunkitzen gaituena, pozten gaituena langai hartzea dela bizitza idaztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.