Aitortzen dizuet gaurko asmoa oso bestelakoa zela. Nacho Vegasek joan den astean argitaratutako Vidas semipreciosas diskoaz hitz egin nahi nuen. Abestietako bati buruz nahi nuen bereziki jardun, hain frantximanta den Mi pequeña bestia piezaz: hitzez, baxuaren kolpeez, zentzurik onenean, hain zaharkitua eta garaiz kanpokoa den harmoniaz eta hariez.
Baina gero ostegun eguerdiko albiste bat etorri zitzaidan. Batzuk ospatzen hasi ziren Lakuako gobernua egiten ari den eskuin muturrerako keinuetako batean (atxilotuen jatorria aipatzea) parte hartuko ez dutela iragarri duela Bilboko Udaltzaingoak. Logikoki, albistea argitaratu eta ordu gutxira, Bilboko udaltzainek demostratu zuten ICEkoak bezain polizia direla, Tarajaleko Guardia Zibilak bezain polizia, eta dozenaka kale saltzaile segitu zituzten, gizaki zuria gizaki beltza ehizatzen Bilboko kaleetan. Jendea lurrera bota zuten, jo eta zauritu, paper honetan irakurri dudanez.
Duela lau hilabete inork ez zuen espero Minnesotan 2026a horrela hasiko zenik. Bistan dena da hezkuntza publikoan fusioaren bidezko kenketa eta jendearen kontrako indarkerian biderketa darabilen gobernantzak Iñigo Cabacas gehiago ekarriko dituela.
35 urteko gizon bat hil zuen poliziak Parisen urtarrilaren 14ko gauean. Euskal Herriko udaltzain askok dauzkatenak bezalako pistola elektriko batez eraso zioten, bideoz jaso zuten kalean eman zizkioten kolpeak. Kalean bizi zen Mauritanian jaiotako El Hacen Diarra.
Adinez gaztea da Donostiako alkate berria, Herrerako Zardoya eremua hustu dute asteon, 31 lagun bizi ziren han.
Laurent Nuñez Frantziako barne ministroak El Hacen Diarraren heriotzaren azalpenak eman ditu Asanblada Nazionalean. Bitxia da: komisarian bihotzekoak jota hil zen El Hacen Diarra. Nola ez ote zuen gizaki hark bizirik jarraitu ahal izan elektrokutatu ostean, polizien jipoia jaso ostean; ez dugu jakingo furgoian jazo zena. Nola egiten du lo lasai Rosa Zarra hil zuen ertzainak, nola egiten orduko barne sailburu Juan Mari Atutxak. Kasualitatea al da ICEk zehazki Renée Good eta Alex Pretti hiltzea?
Martin Niemoeller apaizaren 1946ko Aste Santuko homilia hura eskura izatea komeni da, esaten duena: «Naziak komunistak atxilotzera joan zirenean, isilik geratu nintzen, komunista ez nintzelako». Azpiegitura prest dago Trumpen estiloa duen edonork Minnesota bat egiteko edonon Europan.