Koskortu gabe bidali zuten Galiziara, sustraiak gal ez zitzan. Arzuakoak zituen aita-amak, Buenos Airesera joanak. Compostelan egin zen artista eta Coruñan abokatu, baina gerrak eten zion bidea. Eta buelta morena Argentinara (joan-etorriko txartel bera migratzaileak eta erbesteratuak). Marrazkilari, grabatzaile, zeramikagile, muralista, ilustratzaile, poeta, saiogile.… 1960an itzuli zen atzera. Ordutik, galiziar pizkundearen eragile nagusietakoa da Luis Seoane.
Olioz eginiko koadro bat nahi dut ekarri hona. Hondo nabarraren gainean, kubismoaren eta espresionismo abstraktuaren artean galdutako emakume bat gorrizko, kartel zuri bat duelarik esku artean, frantsesez: «Manuela Rodriguez deitzen da. Analfabetoa da. Lagunduiozue. Geneva, 1963». To zapla ni burges ttipiari! Seoanek berak Suitzako tren batean ikusitakoan du sorburua. Emakume bat hitzez ezinean, seme-alaben bila, haien helbidea paperean. Noraezean ibili omen zen luzaroan, burua erabat galdu eta psikiatrikoan hil zen arte. Familiak ez zuen inoiz aurkitu. Egiozu aurre koadro honekin diskurtso aberkoiei! Laster dituzu esaka artea ote den soluzioa afrikarren inbasioari.
Osagarria Oleirosen du emakumeak. Coruñako badiari begira, zazpi andre-gizon harrizko, Jose Francisco Escuderok eginak, Seoaneren marrazki bat oinarri hartuta. Migratzaileei dago eskainia lana. Eskulturatik ez oso aparte, Che Guevararen lau metroko irudi altzairuzko batek ematen dio ongietorria herriratzen denari. Oximorona da Oleiros. Galiziako Barne Produktu Gordinik handiena duen herriak komunista du alkatea: «Trump hil beharra dago, berak hilko gaitu bestela». Kultura etxez ondo hornitua dago herria, zerbitzu sozial bikainak ditu, etxegintza babestua. Bi alditan, hogeita hamalau urte daramatza agintean Gelo Garcia Seoane musikariak. Hauteskunde orokorretan, berriz, PP da nagusi herrian.
Halakoxea da hau mundu arranoau. Ulertzen erraza ez; eta zelako zapra gurea halako eroaldiek bizitzan eta bizitzen laguntzen diguten artean.