Lagun batekin gelditu da bazkalostean paseobaterako; zerua urdin, itsasoa oldartuta. Oinetakoak erantzi eta area zapalduz joan dira eguzki goxotan. Askotan bezala, hizketaldiak literaturaranzko bidea hartu du; lehen hezkuntzako irakaslea da laguna eta kezkatu egiten du literaturak eskolan eta etxean hartzen duen lekuak. Kezkatu, hartzen ez duen lekuak kezkatzen du. Izan ere, kexaka ditu hainbat guraso: opor aurretik haurrentzako liburu bat erosteko eskatu zion familia bakoitzari. Prezioa: 10 euro. Familia hauek ez dute nahi aparteko gastu hau euren gain hartu, liburua eskuratzea eskolaren ardura dela diote. Galdetu aurretik adierazi dio lagunak familia hauek ez direla ekonomikoki zaurgarriak.
Jarraitu du paseoak, hitz egin dute beste hainbat kontuz eta elkar agurtu dute; liburuaren afera, ordea, buruan katigatuta geratu zaio etxeratu ondoren ere. Duela gutxi gertatutako bi gauza gurutzatu zaizkio oharkabean, gaiarekin ustez zerikusirik ez dutenak, baina hesteetan zurrunbiloa sortu diotenak. Ezohiko bi plan egin nahi izan ditu haurrekin jai egun hauetan eta biak zapuztu zaizkio leku faltagatik. Zinema eta futbola. Gizonezkoen futbol derbirako sarrerak erosi nahi izan zituen, semeek huraxe eskatu baitzuten urtebetetze oparitarako. Sarrerak salgai jarri eta minutu batera ireki zuen webguneak jakinarazi zion itxaron zerrendan 748. zela; bere txanda iristerako, 150 eurotik beherako sarrera guztiak agortuta zeuden. San Mames jendez mukuru ikusi zuten telebistan larunbat arratsaldean. Handik egun batzuetara, eserleku etzangarriak eskaintzen dituen saltoki-gune bateko zinema aretoetara joan nahi izan zuen haurrekin Super Mario Bros filma ikustera. Eguerdian webgunean sartu, eta sarrera guztiak agortuta. Helduak 9,90 euro, haurrak 7,50 euro; palomita eta bestelakoak aparte.
Pentsatu nahi du liburu batean 10 euro gastatzeko arazoak zituzten horiek ez zirela San Mamesen izango, ezta zinema aretoko aulki etzangarri horietako batean ere.

LARREPETIT
Denak ez du berdin balio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak