Goizalde Landabaso
Larrepetit

Dendak

2014ko martxoaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Compro oro» ikusten dudanero Harkaitz Canoren poema liburua datorkit akordura. (Isaac Rosarena baino lehenagokoa da). Neure buruari esan diot baztertu behar ditudala lotura hauek; buruari eustea, baina, ez da gauza makala. Eta gogoratzen dut bazuela poema bat, memoria selektiboaz, apurtxu bat nostalgikoa, horrela hasten zena: «pentsatzen duzunean joandako edozein sasoi hobea zela / gogoan izan ezazu orduan ere sufritu egin zenuela. Trenak hartu zenituela / eta azken geltokira ailegatu zinela / baina ezin izan zenuela jaitsi eta hasierara itzuli zinela». Ugaltzen ari diren denda hauek ikusten ditudanero poema hau etortzen zait gogora. Denda bitxiak dira. Beti hutsik, baina beti zabalik. Urrea pilatzen ari omen dira; nahiz eta batzuetan pentsatzen dudan Errusiako urrearen antzeko zerbait izan litekeela. Compro Oro dendetan inoiz ez dut jenderik ikusi. Beste dendetan ere gero eta jende gutxiago eta espazio gehiago dago.

Bizi naizen auzoan ile-apaindegiak eta litxarreria-dendak nagusi izan dira. Fruta-denda eta arrandegiak ugaldu dira azken boladaotan, eta definigaitza zaidan fenomenoa da azken-azkenekoa: zigarro elektronikoen dendak. Joera nagusiak, baina, bitasun larria agertzen du:zabaldu eta itxi, edota sortu eta suntsitu. Betikotasunaren kontzeptua aldatu egin da. Okina, arrain-saltzailea, ile apaintzailea, dagoeneko edozein izan liteke. Hiriari herri kutsu ematen zioten denda hauek. Hurbiltasuna. Dagoeneko, hiria hiriago da, eta orain arrandegi dena, bihar arropa denda izan liteke edo masaje-toki. Aldatzeko gaitasun honi askok garapena esango diote. Nik deshumanizaziotik baduela zerbait esango nuke, argiaren abiaduran mudatzen baitituzte komertzioak. Artegatasun apurra uzten didate. Ez dakit zergatik; arduratzen nau. Hiriak maite ditut, batez ere, zu eta bion moduko gizakiok tokia dugunean; zu eta biok izen-abizenak dituzten gizakiak garenean, zuk eta biok identifikazio guneak aurkitzen ditugunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.