Goizalde Landabaso

Depardieu

2024ko urtarrilaren 9a
05:00
Entzun

Frantzia aztoratu duen Depardieu afera jarraitzen ari naiz sutsuki. Biziki interesgarria iruditzen zait zenbat gauza azalarazi dituen: klasismoa, matxismoa, interes erabatekoak, hipokrisiak, nik sinesten dizut baina... Macron honetan bustitzea hanka sartze politiko izugarria iruditu zait. Baina gizonezkoen inpunitate sentsazioak, maiz, horrelakoak ditu. Harritu nau, hala ere, Frantziako Errepublikako presidente batek laino gainetatik harago begiratzeko gaitasuna duen aholkularirik ez izatea. Depardieu-ren alde agertutako lehen gutunetakoek ez naute harritu. Tribu defentsatzat hartu ditut. Guretarrek ezin dute ezer txarrik egin, eta biktima, normalean, ez da gurea izaten. Ukazioa izan ohi da bide bakarra. Ez nau harritu 600 bat pertsonak Depardieu-ren kontra publiko egindako bigarren gutunak. Erasoak eta sexu gehiegikeriak ez dira salbuespen izaten. Iris Brey kazetari eta kritikariak Le Monde egunkarian ezin argiago esan du: «Emakume eta haurrak bortxatzen dituztenek hala egiten dute badakitelako, jakin, egin dezaketela». Harritu nau, hori bai, Nadine Trintignant-ek aldeko gutuna sinatu ostean atzera egitea. Atzera egin du, baina ez biktimak sinisten dituelako, baizik eta Depardieu-ren aldeko gutuna, ustez, eskuma muturreko aldizkari batean idatzi ohi duen antzezle batek egin duelako. Hots, ikusi dugula batzuek non duten marra gorria. Bortxaketak, tira benga, baina eskuma muturrarekin erromantzeak, ezta pentsatu ere.

Ez naiz heroizale. Ez dut ulertzen batzuk hezur haragizko zenbait pertsona jainkotzeko (gizonak, oro har) tematze hori. Basatzez egindakoak iruditzen zaizkit denak, eta urak datozenean, badakigu zer gertatzen den lokatzarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.