Goizalde Landabaso

Disidentziak

2025eko ekainaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Menopausia modan dago; izua eragiten zuen tabua izatetik edozein tokitan agertzera pasatu da. Ginekologoak argi esan zidan: fisikoki, ez du abantailarik, mentalki, ordea, denak. Menopausian emakume asko sartuta gaude, eta dagoeneko albiste ere bilakatu gara. Algoritmoak ondo ederto ikusi du negozioa; izan ere, gorputz perfekturako arauak, pausoak, ariketak, jatekoak... bidaltzen dizkit, eta oso diru gutxiren truke lor dezakedala diost. Etengabeko bonbaketan nauka, behin, ariketa sorta batean klik egin nuelako.

Ispiluaren aurrean jarri eta zure gorputza aldatu dela ikusten duzu. Zure aurpegia da, baina norbaitek aldatu dizu gorputza. Eta beste behin ere ahalduntze lana egitea egokitzen zaizu. Uda dator, eta gorputz berriarekin bainujantzi handiagoaren beharra nabarmena da. Hondartza denontzat da, baina ez ote moda pasealekua? Inklusiboak dira espazioak, baina gu ez. Hor daude betiko begiradak. Urte luzeak eman ditut izugarri gustatzen zaidan jarduera bat egin barik: itsasoan bainatu. Ez gara perfektuak eta hilkorrak gara, aizu. Industria boteretsua dago horren atzean. Pausoa non, gimnasio bat han. Gizartearen hegemonia estuan gero eta gehiago gara disidentziakoak; altuak, lodiak, argalegiak, azal ilunekoak, begi okerrekoak, paper bakoak, sexu joera ezberdinekoak, halako hizkuntza darabiltenak, goikoa, behekoa... gutxiengoa ei zena gehiengo bilakatu da. Honekin gogoratu naiz lehengoan, Kafe Antzokiko bertso saio batean, Nerea Ibarzabalek botatako bertsoa sakelakoan aurkitu dudanean: zenbat zauri heltzeko emakumeraino. Zenbat zauri eta zulo, jabetzeko, honaino heltzen direla neure itoginak, eta besteek ere, badituztela eurenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.