Emaztea hil eta hilabetera entzun zuen John Bergerrek Beethovenen Pianoarentzako 2. rondoa (op.51). Bergerrek pentsatu zuen bederatzi minutu horietan hil berria zen Beverly hantxe zegoela. Oso identifikazio gutxi daude hitzik gabeko musika pieza batek ala abstraktua den artelan batek pertsona batekin identifikazio bat sortzen digunekoa bezain indartsuak.
Bergerrek, semearen marrazkiekin, liburu bat osatu zuen rondo hartatik abiatuta: Flying Skirts.
Lur Olaizolarekin izandako solasaldian izan nuen Bergerren liburuaren berri, eta handik egun batzuetara gaztelerazko edizioa erosten ahalegindu nintzen, baina katalogoz kanpo zegoen. Ia seguru nintzen Katxok izango zuela eta bazuen. Lagun izan gabe, liburuak aitzakia, solasaldi eten, askotariko eta amaitu gabekoen kateak dauzkagun pertsona horiek dira, ohartu gabe, bizitzari eusten laguntzen didatenak sarritan. Kontua da, argazkilaritzaren zaletasunak, erretiroa hartutako CGTko postaria, behin, John Bergerren etxeraino joan zela, hura ezagutzeko asmoz. Eta iristerakoan John aurkitu ez baina etxean, harrera, Beverlyk egin ziela. Halako erromesaldiak entzuteak, bere burua inortzat hartzen duena miresten duenaren etxera joaten direnekoak, oso narrazio xamurrak iruditu zaizkit beti.
Flying Skirts polita da, doluaz ari da, baina, ekaineko eguzkiak Palestinako bandera irentsi eta balkoiko limoiondoaren goiko aldeko hostoak kolpetik lehortu dizkidanean, bereziki gogoratu naiz Bergerren pasarte honetaz: «Zure landareak ureztatzen zenituenean, etxaurrean zenituenak zuzenean lurrean eta balkoiko zurezko tiraderetakoak, batzuetan iruditzen zitzaidan lotura bat zegoela ureztatzearen eta otoitz egitearen artean, eta hurrengo lotura otoitzaren eta maitasunaren artekoa zela.[...] Halako batean, hau idazten, burura datozkit Mahmud Darwixen bertso batzuk eta geure burua ikusten ditut harekin Ramallahko jatetxe batean (ala Nablusen zen? [...]). Orain buruan dauzkadanak ez dira egun hartan irakurri zizkizun bertso horiek, baizik eta hauek: ...eta esan zenidan: zu baino lehen hilko banaiz/ libra nazazu latorrizko hitzetatik eta data iraungietatik. / Urrun nazazu lo egiten dudan lurretik,/ zeren belar orri bakar batek irakats/ diezazuke agian heriotza/ landatzeko modu bat dela...».