Hedoi Etxarte

'Domingueroen' alde

2025eko irailaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Petretxeman gora gindoazen abuztuko azken tontorraren bila, eta Hiru Erregeen Mahairako bidebanatzean eskuinera jo genuenean etorri zitzaidan kolpea: ez ote ditugun XX. mendeko zenbait bizimodu aukera zeharo mespretxatu klase ertain ustez sofistikatuaren izenean. Eta orduan gogoratu nintzen domingueroez, Bidasoaren bestaldean litzateke 1970etako beauf bat asteburuetan, aisialdia gehiegi lantzen ez duena, ez doana toki esklusiboetara. Pandemiatik hona bada kexa bat Iruñerri inguruko ibaiertzak domingueroz josi direla, haien hozkailuekin, hondartzarako aulkiekin, musika latinoarekin.

Sarritan gertatzen zaidan bezala: mendiko bideetan pentsatzen dudana han geratzen da, Instagramen Undesgraciat diseinatzaile anarkistaren afixa berria ikusi dudan arte: Reject tourism. Embrace fer el dominguero [Uko egin turismoari, bat egin domingueroarena egitearekin]. 

Afixaren jatorrian, Menorcako Posidonia aldizkariko Anna Gornes Moll-en artikulu bat dago, domingueroarena egitearen alde: «Egin denboraren erabilera ez produktibo bat, bilakatu ezer ez egitearen errua eta ahaldura kontu askatzaile bat, zeure burua asetzeko ez duzu kontsumitu behar, optimiza ezazu daukazuna (meloi bat eta labana on bat hondartzarako, adibidez. Partekatu, ze fantasia!), gertu begiratu eta kanpora iritsiko zara (turismo esperientzia biziena hamar minutura izan dezakezu)».

Kontua ez da klase ertainkeriak, egungo dekadentzia burges ttipiak, ohiko duen bezala, lunpenak dituen ohiturak imitatzea. Kontua ez da 1970etan domingueroak zirela uste duguna gaur egun kopiatzea. Baina izan daiteke, idealizaziorik gabe, gogoetarako arketipo bat. Hegazkinik hartu gabe, haize egokitua izorratua duten kotxeekin, bezperako patata tortilla etxetik gertuko gerizpe batean bazkaltzeko: adin guztietarako egoki. Eta, bide batez, mundua desplazamendu garesti, kutsatzaile eta esklusiboa izan nahian masiboak diren oporrez bete den honetan, lotsarik gabe berreskuratzeko turistek inola nahi ez dituzten eremu zoragarriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.