Hedoi Etxarte

Durango underground

2023ko abenduaren 16a
05:00
Entzun

Joan den igandean, aurtengo Durangoko Azoka nolabait definitzekotan, hitz bakarra erabili beharko banu, poza hautatuko nuke. Bere mugekin, liburuaren katean —Bizkaian bereziki— sortzen dituen kalteekin Durango bada oraindik bizirik gaudela baieztatzen digun hitzordu bat. Baina, Spinozaren maxima izaten dut gertu eta Durangorekin parafraseatuta halako zerbait litzateke: «Ez gehiegi puztu, joan ez zarelako negarrik ez egin, ez gorrotatu, baina ulertzen saiatu». Azken «ulertzen saiatu» horrekin, eztula lagun, nire igandeko poza, pilula eferbeszente bat ur basoan bezala joan da desegiten igandetik. Estanpa batekin azalduko dut. Durangoko Azoka Landakon egiten da, lurrazalean, 0 solairuan: han daude standak, han aurki ditzakezu liburu zoragarriak (esaterako, Bob Torres-en liburu bat NOR talde animalistak euskaratua), topo egiten duzu aspaldiko lagunekin.

–1 solairuan parkinga dago eta komunak. Eta komunetan, hara joatea egokitu zitzaidan ia aldiro, emakume arrazializatu bat garbiketa lanetan. Deigarria zen ze, larunbata osorik postuan lantzen eman zuen kide batek, arratseko une batean esan zuen «pasa den laugarren pertsona arrazializatua egun osoan».

Antzeko fenomeno bat gertatzen da liburuaren katean ere. Hego Euskal Herriko euskal idazle, editore, komertzial, banaketa enpresetako buruak, inprentetakoak: zuriak dira. Baina liburuak benetan dendetara —ala etxeetara— garraiatzen dituzten Jefferson, Dylan, Jenny ez. Hori da, gaur-gaurkoz, gure bestan egin diegun tokia: komunak garbitu, pakete astunak eraman eta ekarri. Badakite zer den euskara? Axola zaigu? Ze guk medikua nahi dugu euskaraz —zeharka, akaso, gure alaba medikua izatea nahi dugulako—, baina leihoak aldatuko dizkiguna, gure gogoeta dekolonialak egiten ditugun fakultateko komunak garbituko dituena, kapitalismoa zuztarretik salatuko duen liburuak garraiatuko dituena, merke nahi dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.