Iñigo Aranbarri.

Ebakera

2024ko maiatzaren 5a
05:00
Entzun

Barre egiten zioten Hadrianori senatuan, Marko Antoniori inoizko gutunik luzeena idatzi zion hari. Eta barre muturrera Senekari, estoizismoaren apostoluari. Hispaniako ebakera ez zen, ez zenez, latinez aritzeko ongien ikusia garai hartan Erroman. Ia bi mila urte ondotik, Tolosako mintzoa imitatuz trufatu zitzaion Jean Luc Melenchon diputatua Veronique Gaurel kazetariari. Handik gutxira, ebaketarengatiko edozein baztertzeren kontrako legea onartu zuen Asanblea Nazionalak.

Hizkeraren lorratzak, izan ere, jatorri geografikoaz gain, bestelako orbanik ere badakar berarekin: jasotako hezkuntza salatzen du, maila ekonomikoa, klase soziala. Castelaoren 1924ko marrazki batean, bi emakume apain hizketan, gazteleraz: «Mutiko hori oso jantzia da, nonbait», dio batak; eta besteak, «Bai, baina hain ebakera galegoa du!». Izan ere, kutsuduna bestea da beti, erdian ez dagoena, barregarria maiz, baztergarria beti. Eta bizitzako beste hainbat arlotan bezala, normak berak ez du inoiz ezeren zikinik. Onfalosa da, kulturaren 0 kilometroa.

Astelehenean, informazio ezin interesgarriagoa Vocento taldeko egunkariek: «euskal ebakera» azken-bigarren txarrena omen da harreman berriak egiteko. Ezin paperean itotzen utzi hain munta zientifiko handiko albistea. Hurrengo egunean, EITBk jaso zuen, eta diru publikoz lau haizeetara irribarre ederrez zabaldu, grafiko eta guzti, hobeto uler genezan.

Bertako medio publiko bat, lerdokeria arau, enegarrenez Espainiaren klitxe zaharminduak betikotzen. Baina, nork nahi du azken putz izan? Berandu baino lehen, jende aurrean aritzeko, «euskal ebakerarik» gabe egiteko aginduko digute.

Baita euskaraz egiten dugunean ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.