Maider Galardi

Efemerideak

2026ko otsailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bukatzear den hilabete honen hater maiteok, ez nauzue hemendik inoiz jaitsiko: otsailaren 28a urteak betetzeko egunik onena da. Zorteko gara: iaz planeta guztiak lerrokatu ziren ehunka urteren ondoren. Aurten, berriz, kalkulu astronomikoak, kasualitatea eta pentsamendu magikoa nahasten dituzten Instagrameko publikazioen arabera, lerrokatu ez, baina planeta guztiak azalduko dira zeruan. Astroekin eta sinesmenekin jarraituz, erabateko pisces garaia da. Nork ez du nahi orain momentuan Bad Bunnyren edo Rihannaren ekipokoa izan. Gure sinesmenek aldi hau lotzen dute lurraren esnatzearekin, eta marrubiak berehala helduko dira fruta dendara. Karisma dauka data honek, edo nik ego handia, baina egun berekoa den A laguna ere ados dago: zoriak erabaki zuen dagoen eta egun bitxienetako batean jaiotzea —29koen baimenarekin—.

Ausazkoak ez, baizik zerbaitek edo norbaitek erabakitakoak dira beste efemeride batzuk. 2002an, pezetak erabiltzeko azken eguna izan zen otsailaren 28a, Espainiako Gobernuak eta Europak hala aginduta. 2013an, berriz, Benedikto XVI.a aita santuak uko egin zion karguari, osasunagatik antza, nahiz eta bistakoa den orpoz orpo zituela Vatileakseko fitxategiak, Eliza barruko pederastia eta ustelkeria kasuak agerian uzten zituztenak. Eta zoritik gutxi dute duela lau urte Pablo Gonzalez kazetaria Polonian atxilotu izanak eta 2003an Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi sakabanaketaren eta urruntzearen ondorioz hil izanak. Urtero egiten dugu lagunok enkajea oroimen ekitaldira aurrena eta gero ospakizun potera biltzeko. Nire zortzigarren urtebetetzea ospatzen ari nintzela izan zen istripua, ostiral batean. Kalkulatzen dut lagunekin merendolan nozilla sandwicha jaten ari ginela izango zela gutxi gorabehera. Gonzalezen berriarekin esnatu izanaz gogoratzen naiz 2022an, ahizparekin ahuakate eta izokin tostada bat jatera joan aurretik. Lehen biek oraindik ez daukate aitortza instituzionalik, eta bigarrenak dio oraindik ez dela segurua Euskal Herrira itzultzea. Poloniak auzibidea zabalik du. Nik urteak bete ahala, haien kontua ere zahartuz doa, eta hemen pentsamendu magiko eta sinesmenik bada, balio beza honako honek: otsail amaieran lurra esnatzen den bezala, ahanzturaren lozorroaren aurrean esna manten dadila lurgainean bizi den oro.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA