Zenbait jende eta sindikaturen mezuak irakurrita, badirudi gure haurrentzat ikastola hautatu dugunok supremazista xenofobo batzuk garela. Badirudi euren haurrentzat EAEren administrazioko eskola publikoa hautatu dutenak direla egia osoaren jabe. Aspaldi ikasi genuen arren, odolez eta minez ikasi ere, ezer ez dela zuri edo beltz, inoren diskurtsotan ezin dela egia osorik aurkitu. Ustezko egia oso horretan kabitzen ez den edozein iritzi zabaldu orduko jan egiten zaituzte, hitzez eraso egin, zer pentsatu behar duzun esaten. Ikastolen inguruan gabiltzanok gure gizartearen alde egunero arituko ez bagina bezala erabiltzen gaituzte; amestuko ez bagenu bezala herri libre eta euskaldun bat, edonorentzat ate-zabalik biziko dena.
Segregazioak lehentasun izan behar duela ez du inork ukatzen; baina ezin du lehentasun bakarra izan. Geure estatu propioa izango bagenu, geure hizkuntza hegemonikoa izango balitz, orduan bai lideratuko luke segregazioak lehentasunen zerrenda. Baina ez da hala. Herri zapaldu bat gara, hizkuntza gutxitu bat hitz egiten dugu eta, Iñaki Iurrebaso soziologoak Argia-n esan berri duen moduan, izugarri minorizaturik dagoen hiztun komunitatea osatzen dugu eta ez gara minorizazio mailaren larritasunaz jabetzen. Euskal Herrian bizitzeak gaur egun erdaldundu egiten du. Beraz, zalantzarik ez dut euskarak eta lurraldetasunak ere lehentasunen zerrendaren gailurrean egon behar dutela.
Gutxi gara eta sakabanaturik nahi gaituzte agintariek. Divide et impera. Korronte indibidualistan ito nahi gaituzte, bakoitza geure zilborrera begira jarri, bestearekin haserre, bestea eta gu egotea nahi dute; badakitelako elkarrekin gauza handiak egiteko gai garela. Bada, ni ez naiz inoren kontra arituko. Ez dut inoren lehiakide izan nahi. Bidelagunak nahi ditut, behar ditut, bide konbergenteak aurkitzeko eta ibiltzeko elkarrekin. Gure herriaren alde jardungo dut egunero, eta baita herri honen parte izan nahi duen ororen alde ere.

LARREPETIT
Egia osorik ez, eskerrik asko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu