Hedoi Etxarte

Eguberri kristauen alde

2025eko abenduaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eguberri iristen denero itzultzen zaizkit antzeko galderak: zer egin Eguberriekin. Zorte hori izan dut, gutxieneko materialak baino askoz gehiago segurtatua zuen langile etxe batean jaio bainintzen, senideen arteko indarkeriarik gabeko etxe batean, eta, beraz, Gabonekiko —eta beste hamaika konturekiko— irudi baikor bat izateko aukera suertatu zait. Baina bistan da ezin dela masa fenomeno bat norberaren esperientziatik epaitu, hori dela epaitzeko modurik itsuena (ezin den bezala pentsatu zerbait masibo izatea berez dela kaltegarria eta hari inolako analisi material eta historikorik gabe egin behar zaiola kontra).

Horregatik deigarria egin zitzaidan, nire ateotasunetik, Témoignage chrétien aldizkariko Laurent Grzybowski kazetariak nola defendatu zuen France Culturen Eguberriak «kristautu» behar zirela baina «ez soilik kulturalki. Eguberriak direla migratzaileen jaia, kalean bizi den jendearen festa, pobreen festa. Eta Eliza katolikoak ez dituela serio hartzen Ebanjelioak». Gabon egunean, bezperan eta hurrengo egunetan, alderdi familiarraz aparte, Grzyboswskik belaunaldi arteko festari garrantzia ematen dio. Hedonismoari toki uzten dio. Baina festa ez dela kontsumoaren festa, soiltasun zoriontsuarena dela, planeta hiltzen ari garela kontsumoaren bidez, soiltasunetik egin daitekeela ekologismora jauzi.

Ezin dut ukatu, bereziki sareetan mugitu duten laburpenaren amaieran (jatorrizko solasaldiak 38 minutu dauzka, Alain Cabantous historialariarekin batera) Grzybowskik dioenari esker (ez duela proselitismorako inolako borondaterik, bere mezua kristauentzat dela), oso seduktorea iruditu zait planteamendua.

Gure lagun minetako batek, oso familia kristaukoa bera, berriki izan dugun solasaldi batean gogorarazten zigun Eguberriak beti zirela soiltasunaren aldarri haien etxean, afari xumeen aldekoak. Haienean zeharo arrotza zela oturuntza Eguberrietan.

Bestetik, urtero agertzen dira Sobietar Batasunean nola mimetizatzen zen komunismoa, Lenin eta Eguberrietako zuhaitz eta argiak, sinkretismo hori. Ezagutzen ez nuen lamina bat zabaldu zuen duela bost urte Undesgraciat diseinatzaile katalanak, Flavio Constantini marrazkilari anarkistaren ilustrazio batean oinarria: El anarco-colectivista felicita a V. Las Pascuas de Navidad.

Iraganak ez du zertan etorkizuna markatu baina, bistan da, liburu denda kristauek, kapitalismoa aitzakia, kristau jaiegunetan irekitzea erabaki dutenetik eta kalean ehunka lagun bizi diren Euskal Herrian Elizak dozenaka eraikin huts dituen bitartean, akaso hierarkia kristauari kristau izatea exijitzeko unea izan daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.