Goizalde Landabaso

Eguneroko mina

2025eko ekainaren 24a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Joel Schumacherrek zuzendu zuen joan den mendean Michael Douglas protagonista zuen film bat: Falling down izena eman zioten ingelesez, Chute libre, frantsesez, baina espainieraz, aldiz, Un día de furia (Amorru egun bat), biziki ona. Michael Douglas, frustrazioz josita, hiri handi batean bizi den gizon arrunt bat da. Egunerokoaren gurpilean kateatua dabil, eta ondo, ez; baina eusten dio. Bero egun batean, baina, autokolapso amaiezinean, eztanda egin eta barruko sumin guztiaren indarrez suntsipenaren bidea hartuko du. 

Film honekin gogoratu naiz auzokideen garrasiak entzuten. Ez dut su-jaurtigailurik hartzeko asmorik, baina amorruaren amorruz pentsatzen aritu naiz: bizikidetzaren gainean, eraikinen materialei buruz, eta aldaketa klimatikoaz ere bai. Gu, dagoeneko, ez gara gu; ni asko gara. Dentsitate handiko kilometro karratu gutxitan bizi diren pertsona ukituak. Auzokideak txilio bizian esan dio berarekin bizi denari (nik emazteari ziotsola ondorioztatu dut), «Ator hau ez dago garbi», eta ahots fin batek baietz, garbi zegoela erantzun dio. Ahots finaren ahuldadea usnaturik, ordea, letaginak zorroztuta zortzidun bat gora esan dio ezetz, alkandora ez zegoela garbi; eta gero beste zortzidun bat gorago. Bero sapa egiten du, leihoa zabaldu dut nortzuk ote diren ikusteko, baina patioari beha geratu naiz. Patioek, ikusten ez den ilargiaren alde ezkutuak bezala, gure bizitzen lohiak batzen dituzte. Pentsamenduak, maiz, elkar lotzen dira eta nire gibelaldea ikusi dut leihoaren atzeko partean dagoen ispiluan islatuta. Geure atzealdeak ere patioak edota lorategiak dira. Zelakoa izango da bizilagun tenorearen atzealdea; patioa ala lorategia? Patioa, seguru.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.