Larrepetit

Ekosistema

Castillo Suarez.
2011ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Ez dut ikerketa zientifikorik egin baieztapen borobil bat eman ahal izateko, baina, inguruan ikusten dudanaren arabera, bi eginkizun nagusi dituzte langabe gazteek nire herrian: baratzea eta internet. Biak ere krisiaren aurkako babesleku bihurtu dira, eta esango nuke lan kontuetan baztertu dituen gizarte horretako kide egiten dituela.

Hamaika gaztek jarri dute baratzea gurean eta edozein ordutan ikus ditzakezu gazte nekazari «agrotechnoen» arteko elkarrizketak: patata goiztiarrak gehiegi ditudala eta soberakoak emango dizkizudala, nondik lortzen duzu zuk gorotza, niri iceberg letxuga ez zait gustatzen… Baratzeak aukera ematen die zer edo zer hazten ikusteko, inguruan susperraldi zantzurik ez baita apenas ikusten. Gainera, denbora pasatzeko jarduera ezin hobea da, baratzeak eguneroko lana eskatzen baitu. Lantokira joatea bezalakoa da ortua zaintzea: egunero egin beharreko zerbait.

Interneten murgilduta daudenak zenbatzea askoz zailagoa da, ez baitira etxetik ateratzen, baina susmoa daukat ekosistema paralelo bat dudala inguruan. Esango nuke denak ez direla lan bila sartzen sarera. Askorendako denbora-pasa merkea da. Izan ere, internet askoz merkeagoa da ohiko aisialdiko eskaintza baino. Beste batzuk gatibu daude sarean eta desordutan bidaltzen dituzte mezuak, beti on line dauden seinale.

Konexioaren presioa gorabehera, internet eskuragarria da egoera ekonomiko zailean daudenentzat ere. Horren adierazgarri, webgunean edukien kontsultek eta sare sozialen erabilerak gora egin dute nabarmen krisia hasi zenez geroztik. Nolabait esateko, internetek berdindu egiten ditu langabeak eta lana dutenak, bertan partekatzen den informazioa berbera baita denondako.

Ez dirudi krisitik berehalakoan aterako garenik, eta, beraz, askoren egoera ekonomikoa txarra izango da luzaroan. Testuinguru horretan, interneteko eskaintza gero eta zabalagoa da eta gero eta gauza gehiago eskura ditzakegu doan saretik. Hazten den bakarra bera dela ematen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.