Blanca Urgell

Elbarri ala desgai?

2024ko otsailaren 21a
05:00
Entzun

Iker Badiola Etxaburuk (Goiena, 2024-02-09) jakinarazi digu Jon Torres Unda EHUko Fisioterapia Graduko irakasleak abian jarri zuela azkenean Espainiako Legebiltzarrak disminuidos hitza Konstituzioaren 49. artikulutik ezabarazi eta «personas con discapacidad»-ekin ordezkarazi duen harria, 2017an Espainiako Errege Akademiari idatzi baitzion «desgaitasun terminoaren definizioaren aldaketa eskatzeko», Badiolaren esanetan.

Zeharka zerbait ikusi dut katalan eta valentzierazko bertsio berriez, legeak bi eskatzen baititu eta biak berdin-berdinak omen baitziren. Eta euskaraz, zer gertatu da?

Sarean hiru bertsio topatu ditut: 1978koa, Euskaltzaindiaren Lege Batzordearena (2004) eta Zuzenbideko irakaslez eta Euskara Zerbitzuko kidez osatutako EHUko batzorde batena (2006). Hurrenez hurren helbarri, elbarri eta gutxitu itzuli zuten disminuidos hura.

BOEn argitaratu den 49. artikuluaren bertsio berrian, aldiz, desgaitasuna duten pertsonak. Espainolak pertsona behar du gramatika-genero derrigorrezkoarekin dauzkan arazoengatik. Euskarak ez, ordea. Halere, espainolari hitzez hitz segitzea hautatu dute.

Euskaldun berri naizen honek ez du argi ikusten desgaitasuna dutenak, hau da, desgaiak onargarriagoa denetz elbarriak baino. Nahi nuke jakin elbarri hitzak nola ematen dion Dimako, Antzuolako, Elizondoko, Ziburuko, Baigorriko edo Barkoxeko euskaldunari, baina OEH-ko testuetan behintzat ez dut antzeman iraina denik, eta etimologikoki ere ez du ematen deus gaiztorik duenik: elbar ere badago (Sakana aldean omen), baita baterako edo besterako metatesiz azal daitekeen erbal ere, ‘ahula’ adieran ezagunagoa, nik uste.

Doktoreak ditu Elizak, baina pentsakor utzi nau honek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.