Hemezortzi urte daramatzat hilekoarekin, eta tarte hori bera ginekologotik ginekologora. Aurrenekoz hamalau urterekin joan nintzen, minak eskolara joatea galarazten zidalako. Ginekologoaren begietan haur bat nintzen. Ez zidan kasurik egin eta esan zidan Saldeva hartzeko. Ondorengo urteetan ikasi nuen publiko orokorrarentzako pilulek ez zidatela ezer egiten. Ikasi nuen eskolara manta elektrikoarekin eta gaupasaz joaten, gorputza tentsatzen eta azalean atximurka egiten uteroa ez zen beste nonbait mina sentitu eta garuna despistatzeko. Hamazazpi urterekin itzuli nintzen berriro. Berriz ere ez zidan kasu gehiegirik egin, baina bere begietan jada pertsona ugalgarria nintzen, beraz, bitan bat: antisorgailuak eman zizkidan. Ez zidaten mina desagerrarazi eta egoera animikoa kaltetu zidaten. 20 urterekin utzi, eta sendatze alternatibora eman nintzen. Ezer ez. 23 urterekin itzuli nintzen emaginarenera soluzio bila. Galdetu zidan ea bikotekiderik nuen. Esan nion ezetz. Esan zidan pena zela nobiorik ez izatea; haurdun geratuta mina arinduko zitzaidala. Esan zuen guztia gaizki iruditu zitzaidan, eta, halere, berriro antisorgailuak. Ez nuen hiru hilabete baino gehiago iraun. Azken sei urteak ahal bezala pasatu ditut, hankaz gora literalki: yogaz, elikaduraz, eta zoru pelbikoko fisioterapiaz zaintzen, eta oporrak eta hitzorduak hilekoaren arabera programatzen. Beti Enantyumaren sobredosiaren mugan. Duela urtebete itzuli nintzen ginekologora, 30 urterekin: oraingoan ugalgarri izateaz gain, adinagatik haurdungarri eta haien begietara amagai. Etorri ziren frogak eta diagnostikoa: endometriosia. Gomendatu zidaten berriz ere pilulak hartzeko, ehun gaiztotua ez zedin hedatu eta antzutasuna eragin. Gomendatu zidaten ahalik eta azkarren hasteko saiatzen. Ez banuen orain nahi, obuluak izozteko.
Nik nahi dudana, ordea, da ikerketa gehiago, eta ez ni serio hartzea zisheteroarauaren eskemetan ama biologikogai irakurri nautenean. Gaixotasun autoinflamatorio kronikoa baita endometriosia. Pixa eta kaka egiteak eta baginako askotariko penetrazioek mina eman dezakete. Digestioan eta nekean eragin zuzena du. Ez dago sendabiderik, besteak beste ikerketa gutxi egiten delako. Ikerketa nahi dut oinaze etengabea dakarren gaixotasun kroniko baten sendabidea bilatu dadin. Nahikoa arrazoi bada, ezta?