Hedoi Etxarte

Eraisteari laudorio

2024ko apirilaren 13a
05:00
Entzun

Zakarkeriaren normalizazioa da zakarren garaipenik handiena. Ziurrenik, albisteak ez du Leitzaran zeharkatu, baina akaso nabarmentzeko modukoa da: Europan faxismoari gorazarre egiten dion hiriko monumenturik handiena Euskal Herrian dago, Iruñean. Are gehiago, Iruñeko enpresari Felix Huarte eta Elgoibarko arkitekto Pedro Muguruzak Madrilgo aldirietan eraiki zuten El Escorialekoaren ostean da Iruñekoa Europako handiena.

Bi aukerek soilik justifika dezakete diskrezioa, eszena nazionalean albiste ez izatea etengabe, biak dira kezkagarriak: ala ekialdean eta iparraldean gertatzen dena ez da inoiz a priori albiste nazional bat izango, ala, oso litekeena da Iruñeko Erorien Monumentua eraisteak nabarmen utziko duela, berriz ere, EAEn 1980ko urteetatik egon den lagunkeria faxisten ondarearekin (berdin monumentu, berdin lapurretekin, Gogora institutuko bilera hartan behin ohartarazi zen bezala: biktimez hitz egingo dugu, baina ez dugu inoiz aipatuko nortzuk izan ziren hiltzaileak).

Eta hona heldu gara. Berlinen —galtzailea izatea zer den— eskuindar eskuindarrenari ez zaio okurrituko komunisten omenezko dokumentu erraldoiak eraistea, are gehiago, beren errelatoaren parte dira (Schönholz). Parisen, aurten bertan, gobernu autoritario neoliberala ere behartua dago etorkin komunistei, faxismoaren aurka borroka armatua erabili zutenei omenaldiak egitera, aurten bertan (Missak Manouchian). Bitartean, beren burua ezkerrean kokatzen duten zenbait iruindar ariketa sofistikatuetan ari dira eraitsi-ez-eraitsi penduluan. Eta kontuz, inori ez zaiola bururatu, esaterako, Euskal Herri osoan —Iruñeko Erorien eraikinaren inguruko ehunka etxebizitzetatik hasita— hiltzaileei eta beren senideei oparitu zitzaizkien eraikinen inguruan eztabaidatzea, adibidez.

Auzia hemen, gainera, ezeren gainetik, ez direlako errepresaliatuen ondorengoak. Gizarte gisa larriena da faxistek hil zituzten milaka horietatik askok, adinarengatik, ez zutela ondorengorik izan, baina haien bizitzen eta desira politiko iraultzaileen aurka jarduten dugula egunero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.