Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Erantzi eta erantsi

2018ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Diogenes sindromea du ordenagailuak. Garbiketa egin behar dela esan dit ohar batek. Urtean zehar artikuluak gorde eta gorde ibili naiz. Irakurtzeko asti nahikorik ez eta «irakurtzekoak» karpeta zabaldu nuen. Dagoeneko badakigu metatzen ditugun gauzek metaketa sortzen dutela, eta normalean, ez dugula jakiten zer daukan pila horrek. Denbora ez da nik nahi bezain elastikoa eta ziztu bizian doa. Urte hondarreko egunetan lohi dena kentzea erabaki dut; erre nezakeen, edo ordenagailuaren lengoaian zakarrontzira bota eta gero ezabatu. Baina ez, gordetakoak piztu didan ikusmina ase behar nuen. Eta non egin dudan topo beste urtebeterako emango lidaketen artikuluekin. Batzuk biziki interesgarriak dira; besteen kasuan, aldiz, ez dut interesgunerik aurkitu. Ni izan nintzen irakurgaiok gorde zituena? Ni asko bizi ei dira gure baitan, eta artikuluen errepasoa eginda, ni horietako asko arrotzak zaizkit. Zenbat ni urkatzen ditugu bizitzan zehar, zenbat ni akabatzen dizkigute?

Urteak doazkigu eta beti pentsatzen dut bizitzak doazkigula. Wassili Kandinskik zioen sortze lan oro bere garaiak sortu duela, eta maiz, geronen sentsazioek eragindakoak direla. Metadura kreazionea dela esatea lar ote? Urte amaiera eta urte hasiera izan ohi dira mugarri. Gauzak erantsi eta erantzi egiten dugu. Hori baita bizitzaren legea. Lagun batek esango lidake oso jarduera kapitalista dela hori: pilatu eta pilatu, eta gero, bota eta bota. Baina ez dugu, bada, kentzen eta gehitzen ematen bizitza? Urte berria hasteak isiotu egiten nau. Benjamin Franklinen izpiritua azaltzen zait maiztutako esaldiarekin: urte berriro zure bertsio hobea azal dadila. Franklinen esaldiarekin sorta beldurgarria egin lezakete Black Mirror telesaileko gidoilariek. Eransten eta eranzten jarraituko dugu, ezinbestean, bizitzak jolas mugatua dauka eta ez du beste askorako xendrarik uzten. Haize aldeak jo diezazula 2018 honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.