Ezkontzari, bataioei eta erritu kristauei ezetz esaten ikasi genuen, gure aurrekoei indarrez tatuatutako gurutzea ezabatu guran. Gero jabetu ginen kristauak kenduz gero erritu ateoak edo paganoak beharko genituela, baina beharrezko direla ospakizunak. Kurdistanera joanda, bataiatu gabeko kristaua, ateo kristaua nintzela ikasi nuen. Gure kulturako zati izan da, Eguberri, San Juan eta bestelako tradizio paganoen gainean eratorrita ere. Eta han ikasi genuen, halaber, tradizio feudala utzitako familietan ere, bikoteek ezkontzea adostu ondotik errituarekin jarraitzen dutela, mutila neskaren familiarengana joan baimen eske, dote sinbolikoak adostu eta abar.
Irudipena daukat hemen ere idatzi gabeko gidoiko erritualak betetzen ari garela. Azken ospakizuna denok sumatzen dugula, baina bete beharreko urratsak dira asteotakoak. Denbora behar du, bizkorregi ezin joan, baina motelegi are arriskutsuagoa da. Alderdien Legea beteko duen alderdia aurkeztuko da datozen aste edo egunetan, horixe atzo jakinarazitakoa. Espero zena, eta hala ere beharrezkoa. Hurrengo urratsak sumatzen ditugu: Zapaterok Otegiren hitzei «interesgarri» deritze, ETAk badaki berak zer esango zain dagoela nazioartea eta Euskal Herria -are gehiago, ezker abertzaleak estrategia aldebakarrekoa hartzea erabaki duelarik- eta alderdi berri bat izango dela jakinarazi digute.
Ezin jakin zeremoniako zati zen, gidoian ote zetorren edo ezteietako irudi atsegina, baina itxaropen handia piztu du Cristina Sagarzazu, Rosa Rodero eta Edurne Brouard elkarrekin ikusteak. Oihartzunak ez du luze iraun, baina asteburu honetako biktimena baino handiagoa izan da: Mikel Zabalza desagertu zela 25 urte, Guardia Zibilaren inpunitatearen eredu. Otsoportilloko eraso faxistarekiko isiltasunak PSOEkoak iraindu beharko lituzke bereziki. Baina ez gara harrituko honezkero. Prozesua aldebakarrekoa da, eta ezteia abertzaleentzat da, eta familia abertzalea batzen badago aski lan, beste inor gonbidatu gabe ere.
Errituak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu