Eta Jainkoak esan zuen: «Izan bedi aditza». Eta izan zen aditza. «Izan bedi ergatiboduna». Eta hala izan zen. Jainkoak hiru komunztadura egin zituen: bat nor-ekin, bi nori-rekin, hiru nork-ekin. Eta aditz laguntzaileak eta trinkoak ere egin zituen. Euskaldunen gogo-bihotzetan ezarri zituen nor, nor-nori, nor-nork eta nor-nori-nork bereizteko. Eta Jainkoak ona zela ikusi zuen. Honela, abenduaren 3ko eguna burutu zen.
Eeee, ba ez. Dinosauroak ezziren gizakiarekin batera bizi, gehienez ere Purgatorius mckeeveri primate txikiarekin baizik. Halaber, euskal aditza ez zen bat-batean sortu, den bezala eta haren osagai guztiekin: zatika eratuz joan zen, gero eta aberatsago bihurtzen, atzera-aurrerekin beharbada, Etxepareren garaitik aitzina dakusaguna osatzeraino.
Gehiagora ere ez ote den helduko. Siberiako txuktxieran «elur-oreina utziko dut» perpausa bi hitzez dago osaturik: singularreko lehen pertsonako aditzaz eta «elur-orein» izenaz. Ideia bera hitz bakarraz adieraz daiteke, «elur-orein» aditzean txertaturik. Txantxetan-benetan, euskal dizerdit berria halakoa da: denborarekin doreinat, edo datxakurt eta zenekatuen zergatik ez?
Etorkira goaz berriro: zein da zein baino zaharragoa, datibo komunztadura ala ergatiboarena? Galdetuz gero gehienok baietz ergatiboa esan, baina datiboaren alde makurrarazi nau Borja Ariztimuñoren tesi ederrak (2023). XVI-XVII. mendeetan eskatu bezalako aditzak nor-nori jokatzen ziren: Emak sorhaioari phorru, eska dakidik gatz dio Zalgizeren atsotitzak, bigarren partean behintzat euskara batu-batuan, aditz jokoaren «detailea» gorabehera. Josu Oregik (1974) esan zuen datiboak eta ergatiboak marka berak izatea (diZUt / didaZU, diGU / dioGU) ez dela kasualitatea, baizik eta datibo-markak noizbait ergatibotzat hartu eta hala nor-nork eta nor-nori-nork joko berriak sortu izanaren ondorio. Amen.

LARREPETIT
Eska dakidik gatz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu