Eskaleak egurtu egiten zituzten XVI. mendeko Europan, belarriak mozten zizkieten, urkatzen zituzten. 38 urtez izan zen Ingalaterra eta Irlandako errege Henry VIII.a eta bere erregealdian 75.000 eskale urkatu zituzten bere menpeko erresumetan. Kixkaltzen zuen burdinarekin vagabond-en V izkia jartzen zieten bularrean eta bi urtez esklabo izatera behartzen zituzten. XVI. mendearen hondarrean eskaleak kartzeletan sartzen hasi ziren: munstro bat ziren. Francis Bacon filosofoak idatzi zuen eskaleak arriskuaren germena zirela eta Estatuaren desordena. Ingalaterran eskaleak kriminalizatzeko lehenengo legeak landa eremutik ehizatu zituzten nekazari lurgabeen exodoen garaian idatzi ziren: fabriketarako eskulan izatera behartzea zen helburua, ezzezatela beren ihesaldian boteretsuen menpeko izatea ez zen planik asmatu.
XVII. mendean masiboki bidali zituzten galeretara, Atlantikoa alderik alde gurutzatzera. Eskaleen kontrako gurutzada, funtsean, etorkinen kontrako gurutzadaren parte da. Horregatik, eraso horien aurrean erresistentzia ere sortu zen, are borroka armatua. Borrokalari horien helburua, mugitzeko zuten askatasuna defendatzea izaten zen, beren buruak, beren batetik bestera joateko eskubidea bermatzea. Gaur egun, soberaniaren aitzakian, eta eskuin muturreko sistema eragileekin funtzionatzen duten Europa osoko zenbait ezkerreko pentsalarik uste dutenaren kontra, azken mendeetako askapenaren historia, beti paratu da pertsonaren alde. Interesgarria da ohartzea, Frantziako Iraultzaren osteko 1791ko Konstituzioan, besteak beste, jaso zutena: «Pertsonek eskubidea dute joateko, gelditzeko, ihes egiteko atxilotuak ala geldituak izan gabe». Beraz ez, migratzaileak babestea ez da, eskuin muturraren hitzetan esateko, gaur egungo «agenda globalista» edo «ordezkatze handia», askapen mugimenduek mendeak daramatzate pertsonen erabateko mugimendua aldarrikatu eta defendatzen.

LARREPETIT
Eskaleak eta eskuin muturrekoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu