Gustatzen zaizkit boligrafoak eta arkatzak. Ez dakit zergatik, agian aitarengandik oinordetzan hartutako zaletasuna da; norbaitek boligrafo bat oparitzen didanean pozarren gelditzen naiz. Erabili ere erabiltzen ditut, eta koadernoak ditut zerrendak egiteko eta apuntatzeko. Eskuz idaztea (ia-ia) atzamarra sartzeko zulo biratzailedun telefonoak bezain vintage da. Jendeak nahiago du teklatuan idatzi, pantailan, errazagoa da. Arinagoa, nonbait. Grafologiara emandakoak ere lan barik geratuko dira. Kolore ezberdineko koadernoetan nire letra begiratzen dut, eta ondo idazten ikasteko umetako Rubio koadernoek, azkenik, emaitza eman dutela esan nezake: artez idazten dut.
Poitiers-eko Unibertsitatean Garapen Psikologiako irakasle den Denis Alarmagot-ek dio ezinbestekoa dela esku-idazkuntzari eustea, bizi iraupenerako derrigorrezkoa. Badirudi zenbait estatutan, eta teklatuen agerpenarekin, eskuzkoa baztertzea buruan ibili dutela. XV. mendean Gutenberg-ek inprenta asmatzeak mundua aldatu zuen. Esan izan da honi esker alfabetizazioaren demokratizazioa etorri zela, eta, egia esan, ez dakit ez ote den lar esatea, baina munduaren aldaketa horretan papera ohikoago bilakatu zen, eta jendea idazten hasi zen. Akorduan dut gure izeko batek zein detaile ematen zizkion z eta t hizkiei, zein artisautza lana zen bere idazkera. Asteon ezagutu dut 16 urte dituen gaztea, eta berak ziostan eskuz idazten txarra dela. Astiroegi idazten duela eta nekosoa egiten zaiola. Nahiago du teklatua. Ez dakit hezkuntza munduko jendea arduratuta ote dagoen, edo beste barik, eboluzioaren zantzutzat duen, baina ni arduratuta geratu nintzen. Eta pentsatu dut nire inguruko gazte eta gaztetxoei hasiko natzaiela boligrafoak oparitzen, boligrafoak eta liburuak. Beharbada horrelako batean gizadiaren baitako kuriositateak jo eta eskuz idazten hasiko dira. Eta liburuak irakurtzen.

LARREPETIT
Eskuz idatzi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak