Iñigo Aranbarri.

Etxe bat besterena

2026ko ekainaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxe polita, lorategi eta guzti, adiskideekin egurasteko. Betleemetik gertu dago, Neve Daniel-en, baina aukera zabala duzu inguruotan ondo merezia duzun oporraldia bertan emateko. Eko elkarteak egin ikerketa baten arabera, horrelako 41 eskaintza ditu Booking-ek Zisjordanian. Booking, Airbnb… The Guardian egunkariak 760 logela aurkitu zituen iaz legez kanpoko israeldar asentamenduetan. Okupazioa zuritzeko tresna da turismoa.   

Neve Danielen, etxaldea eta bost hektarea lur zituen Mohammed al-Sbeih-k. 1982an egotzi zuen bertatik armadak. Jabetza agiriak aurkeztu zizkion epaileari, garia eta garagarra lantzeko erabili izan zutela hiru belaunaldiz. Alferrik. «Israelen segurtasun nazionala» zegoen arriskuan. Hogei urtez egon zen orube bihurturik, harik eta egun batean kolonia bat eraiki zuten arte bertan. Bookingek erantzun die salaketei: ez da bere ardura esatea bezeroari nora joan behar duen, «mundua ezagutzeko» erraztasunak jartzeko dago bera. Ez galdetu diruari nondik datorren.

Holokaustotik bizirik atera ziren juduak euren etxeetara itzuli zirenean, giltzatuta aurkitu zituzten ateak. Deportatu orduko okupatu zizkieten auzokoek. Zorriak baino ez ziren, ulertzen ez zutenak joaten denak galdua duela berea zen hura. Gainera, nola demostratu ezer suak eraman bazituen eskriturak eta dokumentuak oro? Ahaztu pelikulak. Ez zen nazien kontua soilik, Herbehereetatik Poloniara, ez zituen inork nahi. Noraezean ibil ez zitezen, kanpamenduetan eduki zituzten garaileek, Palestinara bultzatu zituzten arte. Hobe han etxekoneko baino. Askok Atlantikoa zeharkatu zuten. Denboragarrenera, bakan batzuek baino ez dute lortu arbasoen etxea berreskuratzea. Kasu gehienetan, berandu da ezer inguratzeko, preskribatua dago auzia.

Udako gau batean, kox-kox Varsoviako etxe batean: barkatu, hau gure sendiaren etxea zen gerra aurretik, Auschwitzera eraman zituzten… Eta barrukoak: eta niri zer? Oporretan nago hemen, mundua ezagutzen ari naiz, ondo merezia dudala uste dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE