Gaur 90 urte, Lakar Tertzioa Azkoitian sartu zelarik, txaloka bildu zitzaien mundua plazan. Ez zebiltzan lur arrotzean erreketeak. Udalean, zinegotzien erdiak ziren tradizionalistak. Trantsizioko lehenbizikoan, berriz, boterean 40 urtez egondakoek ez zuten zinegotzi bakarra atera. EAJ nagusitu zen erraz, eta hala ere, plaza erdikadak jarraitzen zuen irailaren 20a ospatzen.
Miragarria da ikustea energia politikoak zer tankera hartzen duen unean uneko baldintzen arabera. Ikustea noiz makaltzen diren fede batzuk eta noiz pizten beste batzuk, eta zergatik. Eta ez dator txarki patxada, galdetzeko zer gertatu den komunitate batean horrenbeste mudatzeko. Edo itxurazkoa baino ez den aldaketa, beti hortxe egon delako orain harrigarria zaiguna.
Sigma Dos inkesta-etxeak berriki emandako emaitzen arabera, Kataluniako hauteskunde autonomikoak egun egitera, bigarren indarra litzateke Aliança Catalana, PSCren atzetik. Alderdi independentista, katalanista, islamofoboa eta eskuin muturrekoa nabarmen ERC eta JxCren aurretik. Nor nagusi eta Kataluniak independentzia aldarrikatu zuenean (ez zen atzo izan?) existitzen ez zen alderdi bat.
Bada gertaera bat, ordea, Aliançaren fenomenoa ulertzen laguntzen duena. Erreferenduma egin baino sei aste lehenago, ustez Estatu Islamikoari lotutako talde batek 26 hildako eragin zituen Kataluniako hainbat tokitan. Atentatu egileak herritarrak izateari independentziaren simulakroak eragindako zaputza erantsi zitzaion. Ekaitz perfektu horrexek eraman zuen Aliança 2023ko udal hauteskundeak irabaztera Ripollen. Hiru urteotan, herrialde guztira zabaldu da.
Hipotesien jolasean, ez dit bakerik eman Euskal Aliantzarenak: sortzekotan, non sor litekeen, non ditugun baldintza sozio-politikoak antzekorik gertatzeko gurean. Orain dela gutxi arte, ezinezkotzat nuen. Egun, ez dut urrun ikusten. Lehengaiak, baditugu. Baita lapikoa nork berotu ere. Gertaera puntuala baino ez dugu behar.