Ptolomeotarren garaian (K.a. 323 – 30) Egipton pinpilinpauxak hegoak mugi eta baliteke Euskal Herrian lurrikara izatea. Halere, faraoi haietan ez dago euskararekin lot daitekeenik, maleruski.
Beste batek, faraoi ez zenak, informazio baliotsua utzi digu: Klaudio Ptolomeo egiptoar heleniarrak (c. 100 - c. 170). Goitizena jaioterritik hartu zuen, Egipto Garaiko Ptolemais Hermion hiritik. Alexandriako jakintsu horietako bat izan zen.
Geografian ez dauka parerik bere mendean, hainbat lekuren kokapena zehaztu baitzuen. Gure bitarteko bakanetako bat da Antzinatean euskararen familiako mintzoak non zebiltzan jakiteko.
Gorrotxategik (2000) aztertu ditu Akitaniako eta Hegoaldeko gizataldeen eta lekuen izenak, «Hegoalde» Kantabriatik Kataluniaraino eta Kantaurikotik zein Pirinioetatik Ebroraino ulerturik.
Emaitzak ez dira euskaltzale batek nahi lituzkeenak. Izen askok zelta itxura dute, sarri itxura baino gehiago. Kontsolamendu moduan, gogora genezake zeltista samaldek lan itzela egin dutela, lekukotasun mordoarekin, gainera. Horrek dena zeltatzat hartzeko joera sortzen du. Adibidez, Mitxelenagatik ez balitz, oraindik ere akitanierazko Seni- galierazko *seno ‘zaharra’-rekin lotuko litzateke, eta ez eus. sein, sehi ‘umea’-rekin.
Alderantzizkorik ere bada: Bilbilis ezin zelta hizkuntzatik azaldu, nahiz ustez zeltiberiarrena izan, eta bai erraz euskarazko erreduplikazio zahar ugariekin eta bildu-ren bil erroarekin.
Kontuak atera, eta ia ez dut deus bildu euskarazkorik gutxi-asko garbia denik: Tarbelli, Akitaniako tarbeliarren izena (tar + bel ‘beltza’), Aturios Aturri ibaiaren izena, eta baskoietan Andelos (handi + -elo(n), Pompaelon bezala) eta Tarraga (tar + -aga). Zerbait ahaztu bazait, begiei bota errua, ezen ez bihotzari.