Hedoi Etxarte

Euskara zabar hitz egiteaz

2026ko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxeko liburuak txukuntzen ari nintzela, kuttun dudan Biziei ere omen, Munduko Poesia Kaierek hamar urte bete zituztenean argitaratu zuten bilduma hartu nuen. Hautaketa bera denean balioa duena ez da zertan bigarrenez hautatu, baina antologiak nire poeta gogokoenaren pieza bat dakar, Sharon Oldsen Natura hila hala hasten da: «Bizkarrez etzanda nago maitasuna egin ondoan». 

Halako batean madarikatzen hasi nintzen, ea zergatik ez genuen euskaraz Oldsen obra osoa. Barcinarengatik ote? PSNrengatik? 2020tik paperak izan duen prezio igoerarengatik? Josu Jon Imazengatik? 

Eta halako batean, poeta handi eta garaikide baten obra osoa gure hizkuntzan ez izatearen arduratik jauzi bitxi bat egin zidan gogoak, segur aski, Gasteizen txigortutako kafea edateagatik. Hasi nintzen jabetzen nola, ahozko testuinguru ez-formalean, gero eta gaztelerazko esamolde eta hitz gehiago erabiltzen ditudan. Eagletonek, ala artearen edozein teorialari marxistak, argi irakasten dizu hizkuntzan ez dagoela sortzailerik, norberak ez duela tresna sortzen, ez duela gaia sortzen, ez duela testuingurua eta gatazka sortzen. Norberak egitekotan, moldatzen du, ekoizten, baliatzen. Baina baliatze horretan, ez dakit data jartzen baina, bereziki adinkide eta jende gazteagoarekin, jabetu naiz nola normaldu dudan hizkuntza aldaketa. Guaiagoa da gaztelera? Naturalagoa da? Egungo euskararen erabilera sozial eta estetikoak dituen garapenaren mugak seinalatzen ditu? —euskaraz den-dena esan daiteke, ados caris, baina ez bada esan, ezin esatearen berdina da, akustikaren legeak ere existitzen dira—.

Orduan oso garaiz kanpoko gogoeta bat etorri zitzaidan, zor bat, xantaia bat: 1950eko hamarkadan jaio, haurtzaroan euskararekin inolako harremanik izan ez eta gaztetan hutsetik zeharo euskaldundu ziren belaunaldikoekiko, gure gurasoen belaunaldiekiko. Alegia. Nola liteke jende horrek hautua egitea bizitza oso bat eraikitzeko ama hizkuntza baino kaxkarrago jakingo zuten hizkuntza batean, guri baliabide hori doan ematea eta ni orain baldarkerietan aritzea. 

(Eta ez dezatela lerro hauek balio euskara eskolaren bidez jaso eta euskañolez aritzen direnen kontra, adingabeen kontra, eta abar. Neure buruaz ari naiz ala, gehienez, antzeko baldintzetatik iritsi direnez).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA