Alokatzen dizuten etxean esnatu. Dutxatu. Zure izenean dagoen wifiari konektatuta dagoen mugikorrean Instagram ikusten duzun bitartean gosaldu. Autoa hartu eta legalki kontratatuta zauden lanera joan. Atsedenaldian, osasun etxera deitu, egin berri dizuten test genetikoan zeliakian positiboa eman duzula-eta, medikuarekin hitzordua eskatzeko. Lanera itzuli, eta bitartean Gizarte Segurantzan kotizatu. Ateratzerakoan fitxatu. Autoa hartu eta kiroldegira joan. Etxera itzuli eta afaldu. Oporretara nora joan erabaki eta Interneten saltseatu. Hegaldiak erosi. Irakurri. Alokatzen dizuten etxean lokartu.
Aspergarria izan daiteke, baina ez gara ohartzen errutina, oro har, zein erraza izan daitekeen existitzen garenontzat. Existitu higiezin agentziarentzat, existitu enpresarentzat eta Gizarte Segurantzarentzat. Existitu osasun zentroan, komunitatean, erroldan. Gure existentziak betebehar batzuk eskatzen dizkigu. Horregatik pagatzen dugu alokairua —horregatik eskatzen digu higiezinen agentziak ez ordaintzeak babesteko asegurua ordaintzea—, horregatik goaz lanera eta kotizatzen dugu. Horregatik pagatzen dugu kiroldegia, eta horregatik ez gara azaltzen bertan gaueko 21:00etatik aurrera. Konplitzen dugu gure betebeharrekin. I-k ere bai: alokairua ordaintzen du —beltzean—; errolda-agirirako beste herritar bati ere ordaintzen dio —beltzean—; lan egiten du —beltzean—; kiroldegira doa, baina batzuetan ezin du urte osorako abonua ordaindu aldez aurretik. Badaude diru-laguntzak horretarako, baina ez da existitzen paperetan. Konplitzen du guk bezala, baina ez ditu eskubideak bueltan. Laura Arroyo kazetariak esana da erregularizazioa ez dela dagoeneko betebeharrekin konplitzen duten horiei eskubide zenbaitentzako aukera ematea besterik. Maria Ignacia Ibarra antropologoak esana, berriz, zuritasuna ez dagokiola soilik azal koloreari, egitura oso bati baizik, eta arrazakeriaz hitz egiten ari garenean, alderantzikatu egin behar dela kamera, zuriok ditugun pribilegioez jabetu eta birsortzen dugun baztertze egituraz jabetzeko. Biratu zure kamera. Pentsa egunero egiten duzun minimo hori egitea ezinezkoa balitz.