Martin errementariari deabrua agertu zitzaionean, hamabi misterio handien berri galdegin zion. Martinek hamabien berri eman eta, hamahirugarrenaz ere galdegin zion deabruak. «Ez dok amairu» erantzun zion errementariak, malefiziorik ez zegoela ihardukiz. Geroztik, Ez Dok Amairu kultur mugimendu gisa ezagutu izan dugu 60ko hamarkada bukaeran, euskal kulturgintzan malefiziorik ez zegoela frogatu, eta euskal kulturaren berpizkundea eskainirik.
2013rako, krisiaren aitzakian iragarpen ilunenak egiten dizkigutela, «ez dok amairu» erantzun beharko dugu. Ez dago krisiaren malefiziorik. Sosa ez da desagertzen. Herritarren sakeletatik hustu baldin bada, aberatsenen patrikak betetzen ari direlako izanen da.
Higiezinekin espekulatu eta aberastu ziren, hainbat herritar etxe gabe uzteraino. Banku eta finantza munduarekin espekulatu zuten, bankuak porrotean ezarri, eta diru publikoz, behartsunen zergez salbatzeraino. Eta higiezinen burbuila zartatu den honetan —halarik ere, Ipar Euskal Herrian geroz eta bigarren etxebizitza gehiago dago, kanpotarrenesku—, aberatsenak, burtsa eta pentsio funtsen bidez, beste merkatuetan ihizian ari dira.
Zerealen merkatua dute orain aberatsek jomuga. Zerealen prezioen inflazioak oinarrizko elikagaien garestitzea dakar, eta, ondorioz, txiroenen pobretzea. Lehen munduan krisia sendi dugula badiogu, zer erranen ote dute hirugarren munduko biztanleek...
Horiek horrela, batzuk asetzen diren bitartean, mundu erdia gosetzen ari da.
Estatu Batuetan ez dute beste erremediorik izan, aberatsenen zergak igotzea baino. Frantzian ere horretan ari dira, nahiz eta Konstituzio Kontseiluak,eskuindar kontserbadoreen gotorlekuak, betoa ezarri eta Gérard Depardieu, izar nazionala, Belgikara edo Errusiara desagertu.
Badok amairu? Ez dok amairu!
Larrepetit
Ez dok amairu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu