Nerea Loiola Pikaza.
LARREPETIT

Ez gara ondo ari

2023ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Bere izena entzun duelako altxatu du burua mugikorreko pantailatik. Haur baten ahotsa da, baina ez zaio berari ari. Aurrera begira oinez doan bere amari kamisetatik tiraka ari zaio zortzi bat urteko mutil-koxkorra, ikusi ez duen laguna kale bazterreko banku batean eserita dagoela adierazteko. Bi emakumeen begiradek topo egin dute. Batak ikastolaren aldeko iritzi artikuluak argitaratu ditu prentsan, besteak eskola publikoaren aldeko sona handiko adierazpen batzuk egin ditu Legebiltzarrean. Bi hitz trukatu, irribarre bat, eta elkar agurtu dute. Begiak mugikorrera itzuli aurretik, bestea nola urruntzen den ikusten geratu da.

Bata eta bestea. Beraiek eta gu. Goizero haurrak eskolan utzi edo ikastolan utzi. Horixe marra, horixe muga. Zer eta emakume hori ikastola bertako guraso asko baino gertuagoko sentitu izan duenean. Nola da posible, haren begietan ikusten badu ikastolako guraso askoren begietan ikusten ez duen argi bat, nahi bat, ilusio bat; goizero ispiluaren aurrean ikusten duenaren kolore berekoa dena. Ez, ez da posible; ezin zaio arrakala horri handitzen utzi. Baina, emakume horren hitzek mindu egin zuten. Bere iritzi artikuluek ere minduko zuten emakumea. Ezinak negargura ekarri du eskutik. Hasi da ikasturte berria, eta hasi zaizkio iristen, berriz ere, bateko erreklamazioen ukapenak, besteko familien egonezinak, hango su-piztaile maliziatsuen hariak. Nola egin aurrera zurrunbiloa elikatu gabe. Elkarrekin behar luketenak elkarren aurka tematuta badabiltza, bagabiltza, ez gara zerbait ondo egiten ari. Helburu berei jarraikiz, oraindik ez gara bide bera zapaltzen ari.

Bankutik altxa da eta ezezko keinua egin du buruarekin. Hain garbi ikusten du nola izan beharko lukeen, baina gaur-gaurkoz ez du ezagutzen trabatutako egoera libratzeko erremediorik, ez bide-orririk, ezta konjuru magikorik ere. Momentuz, emakume horrek testu hau irakurriko duen esperantza dauka, eta hari besarkada bat emateko gogoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.