Goizalde Landabaso
Larrepetit

Ez naiz ni

2014ko otsailaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arratsa. Lagun artean egunari amaiera eman guran. Han urrunean hurbiltzen ari zen ezagun bat; niregana zuzen-zuzenean. Beste denak bizkor batean agurtu ostean kolpean bota zidan: «Nire semea maitemindua duzu». (Glups). Hamar bat urteko mutikoaz ari zen. «Zure liburuarekin liluratuta dago». (okerrago). Ni, harri eta zur. Inguruko lagunak ere bai. Nirekin maiteminduta zegoen gaztetxoaren aita niganako losintxetan galdu zen. (Bera ere nigaz maiteminduta?) Izugarri ona zen idazten nuena, eta semeak txundidura laster gurasoengana igorri zuen, eta a ze neska ausarta protagonista! (?) Eta dagoeneko denak irakurriak zituen, eta noizko hurrengoa (???). Protagonistaren izena esan eta dzast! jakin nuen nortaz ari zen. Ni aiko-maiko: Ni ez nintzela esan behar nion ala bestearena egin?

Semea azaldu zen. (Hamar urtekoa). Aitak: «X-en liburua idatzi duena da!». Mutikoa lotsak harturik. (Ni ere bai). «Baduzu hor liburua?». Bazuen. (Ai ene). Bai, sinadura eskatu zidan. Lagunek liburua ikusi eta atoan jabetu ziren hura ez zela nik idatzitakoa. Informazio ezkutaketan, baina, konplize bihurtu ginen. Beste idazle batetaz maitemindutako semearekin hizketan izan nintzen liburuaren gainean. Eta gero, sinadura eskatu zidan. Liburuan. Idazlearekin gogoratu nintzen; hamar urteko mutikoa, ordea, liluratuta zegoen. Eta bekatu egin nuen, bai. «Bilboko mutikorik atseginenari. Muxu bat», eta benetako idazlearen izenarekin sinatu nuen. Aitak eta semeak (tabernara edo) alde egin zutenean, lagun batek errieta egin zidan. Gezurra zela. «Olentzero ere bai», erantzun nion. Zer egin behar da elur-bolatzarra gainera datorkizunean? Bolarekin bat egitea baino ez zitzaidan otu. Maitemindutako semearen aitarekin elkar topo egitea saihestu beharko dut orain. Etxeratzerakoan, e-mail bat bidali nion benetako idazleari, eta bai, mila biderrez irakurriko dut Axularren Gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.