Blanca Urgell

Ezin aspertu

2024ko apirilaren 3a
05:00
Entzun

Palentziako museoaren atean gaude, filologo andaluziar batekin hizketan, Antzinateak liluraturik. Bikote bat atera da. Emakumeak hanka biak kanpoaldean ipini eta hasperen egin du: «Azkenik ere!» irakur daiteke bere hazpegietan. Txanponaren bi aldeak.

Museo horrek abantaila asko ditu. Baga, Historiaurretik Erdi Aroraino bakarrik heltzea. Biga, arkitektura brutalista txundigarri batekin zabaldu izana aurrealdea eskaintzen dion eraikin errenazentista. Gehiago ere baditu, langileak barne: Alpeetako jadeaz egindako Neolitoko aizkora leundua, izen zeltak ageri dituzten hilarri bakzeoetako irudi eta idazkunak —artean Acidak eta Allak Aravo eta Principino senarrei elkarrekin ipinitakoa m(e)r(enti), merezi zutelako—, Ozeano eta Nereidak itsas bizilagunez inguraturik irudikatzen dituen Erroma garaiko mosaikoa, andra adiagileek negar egiten dioten Erdi Aroko zaldunaren hilobi-kutxa...

Ostera, propio haien bila gindoazen arren, ia itzuri zitzaizkigun abegi-tesera zeltiberiarrak, txiki-txikiak baitira. «Txerri erdia» izena eman nionak 3,8 x 2,7 zentimetro ditu, adibidez. Esku-ematea irudikatzen duenaren beste aldeak zeltiberierazko idazkuna dauka idazkera latindarraz: caisaros cecciq(um) k(a)r / argailo, hots, ‘Caisaro Ceccico-tarrari, Argailo-rekin’. Agian Caisarori Soriako Osma inguruan bizi ziren argaelotarren artean bizitzeko baimena ematen zion, edo haien lurretan artzaintzan ibiltzekoa, adibidez.

Halako objektuak burutik buru ulertzeko zailtasun handiak daude, nahiz zeltiberiera hizkuntza indoeuroparra izan eta, beraz, haren gramatikaz eta lexikoaz oinarri sendoko proposamenak egiteko aukera eman.

Dena jakin nahiko genuke, ados. Alabaina, dena jakingo bagenu, a zer asperra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.