Alexandre Dumas-en sorterria da Villets-Coterets, Pikardian. Nolanahi ere, Hiru mosketariak-en egilea jaio aitzinetik da ezaguna herria Frantzia guztian. Eta ezaguna da bertan sinatu zuelako Frantzisko I.ak (bai , Nafarroako errege-erreginen aliatu handi hura, Juan Urbieta hernaniarrak Paviako gudan preso hartu zuen bera) «Villets-Coteretseko ordenantza» 1539an.
Ia berrehun artikulu ditu agiriak, tartean frantses hizkuntzari dagozkionak. Artikuluotan, lehentasuna ezartzeko agintzen da, frantsesa izan dadin lengoaia nagusi eta bakarra eskubidean eta administrazioan. Ez da, baina, latinaren kontrako neurria soilik. Estatuaren hizkuntza lehena nobleziarena eta eliteena nahi da, herri xehearen patois eta bestelako guztien gainetik. Prozesu luzea izango da; Gerla Handiak emango dio errematea.
Bitxia da. Burugabetu ziren erregeak, baina erret agindu horiexen gainean ezarri zuen errepublika modernoak hizkuntza ideologia. Oinarrizkotzat du Jean Luc Melenchonek berak Villets-Coteretseko agiria, txitean-pitean aipatzen du, kanpaina honetan azkena: «edozein koofizialtasun onesteak ia bostehun urteko gibelatzea lekarkiguke». Administrazioak bere gain hartu ezin dituen nahasmenduak ekarriko omen lituzke, «hondatu egingo luke legearen aurrean herritar guztiok berdinak egiten gaituen printzipioa».
Azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatzeko, ikuskaritza okupatuta eduki dute, lau egunez, Seaskako langile, guraso eta ikasleek. Asteazkenean, gaseatu egin ditu Macronen poliziak, zafratu, zauritu. Hezkuntza ministroarekin mintzatu nahi dute igualitarismoaren etsaiek.
Anartean, Macron edo Melenchon, bigarren itzulian bietako nori eman behar zaion babesa pentsatzera behartu dituzte kolpatuak. Bidasoaz hegoaldera, berriz, gauzak berez datozelakoan, dinamika abertzaleek zikindu gabeko euskal komunitatea dugu amets…
LARREPETIT
Fikzioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu