Güellen etxearen goialdean nago, Gaudik han paratutako tximiniei begira. Etxean nago, hobeto esanda, han egin zizkidaten argazkiak ikusten. Oskarbi zegoen eta koloreak argi antzematen dira, katedraleko argazkietan ez bezala.
Haiei begira geundela, ekarri zuen solasak, izan zen perpausa, nekez sinestekoa dela gauzek kolorerik ez izatea. Irakurri berri nuen nire begiko kono jakinek, berdea antzemateko gai direnek ikusarazten didatela tximinia hura berde, argia lagun.
Gorria, berdea eta urdina: horra gure konoen espezializazio murritza. Hor tartekatzen da kultura, gizakiok bereiz ditzakegun hamaika kolore lortzeko.
Egiptoarrek hiru urdin omen zituzten, diosta aditu batek: lapis lazuli (khesbedj), urdin egiptoarra (irtyu) eta turkesa (mefkaht), denak mineral-etorkikoak.
Erromatarrek bi gorri. Purpureus (-a, -um), itsas barraskiloen jariakinetik lortua, zeremonia-jantziak tindatzeko zerabiltena. Ruber (rubra, -brum) kolorearen aldaera ezagunena Ponpeiako gorria dugu, hango horma-irudietan nonahi ikusten den teila-kolore moduko hura, burdin oxidoan oinarritutako pigmentu mineral batez egina.
Piarres Larzabalen iritziz (1975), beltza, xuria eta gorria dirateke «euskal etorkiari sakonkienik lotuak diren koloreak». Izan ere, besterentzat ‘hori’ liratekeenak ‘gorri’ dira euskaraz, hala nola gorringoa, behiak eta biloak. Etxeen izenak eta deiturak (Bidegorri, Beltzuntze, Bordaxuri…) eta gizakien gorabeherak ere hiru kolore horiekin adierazi guk: kopeta beltza, gose gorria, aho xuria…
Zuria eta beltza, hots, argia eta iluna: beste kolorerik bereizten ez duten hizkuntzek izan ohi dituztenak. Hirugarrena beti gorria, Patziku Perurenaren «kolore zintzo bizia».
Egiptoko zein Erromako fineziak urrun genituen, nonbait. Edo hurbildu baziren, artean ahaztu.