Iñigo Aranbarri.

Frankotiratzailea

2026ko maiatzaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gero eta frankotiratzaile hobea da Herio. Hasiera batean, gogoan dut, bakanetan eta misterio aire batez jotzen zuen hurre; familiako zaharrenak eta halakoak zituen miran. «Hiltzeko lotsa handirik gabe joan da» entzuten zuten gure haur belarriek; eta hala ikusten genituen, benetan adin handiko. Konturatzerako, ordea, gertuago eta sarriago azertatzen hasi zen. Gazte eta berde ginela, beso artean estutu, laztandu, bihotz-zolan maitatutako jendea erortzen hasi zen, izan aitzakia zaldi mamarroa, hiesa, auto istripuak edota X jaunak emandako tiro bat.

Denboraren poderioz, asko ikasi du arraio zitalak. Geuk ere geure aldetik, bistan da, arrunt erraztu diogu lana urteak bete ahala. Dagoeneko majo soildua digu ingurua eta nahi ezta ere, beldurrez ekiten diogu hilabete bakoitzari, jakinik hurbileko bakarren bat ez dela hurrengora iritsiko. Ez da jostetan hartzekoa. Whatsappak zabaltzea arrisku larriko kirol bihurtu da tarteka. Tanatoriora arropa erostera baino sarriago joaten garen sasoian gaude oraintxe. Eta luze gabe, tabernara baino maizago joango gara. Telefono agendan ikusten dut ederki hori. Hildako lagunen zenbakiak ezabatzen ez ditudanez, laster bizidunak baino gehiago izango direla ohartu naiz. Eta pisatu egiten dute galanki. Ez da ona iraganari begira egotea baina, adin batetik atzera, elkarrekin bizitakorik gabe ez du zentzu handirik etorkizunak.

Orain hurrena, telefonoa sentitu nuen deika dutxan nengoela. Atera nintzenerako, atertua zen. Zoritxarrean begiratu nuen nor izan zen. Ez zen aspaldi hila laguna, Heriok aurreneko tiroan kolpatu, hurrengoan larri utzi eta azkenean bete-betean jo eta hobira igorri eta gero. Nik, ez nuela behar bezala agurtu, kezka hori daramat joan zenetik. Berak ez dakit zer izango zuen, beharbada horixe argitzeko hots egin zidan. 

Ez nintzen ausartu deia itzultzera. Berak ere ez dit ostera telefonoa jo. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA