martxelo otamendi

Fronte zabala Trumpen aurka

2025eko abenduaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da aurreneko aldia AEBek beren atzaparrak Hego Amerikan sartzen dituztena. Baina urteak zeramatzaten atzeko patioarekin ahaztuta, edo, behintzat, esku hartze militar zuzenik egin gabe; ia arreta guztia Iraken eta Afganistanen jarrita eduki dutelako duela gutxi arte.

Gogoan edukitzekoak dira 1981ean Nikaraguan gobernu sandinistari egindako itsas blokeoa, Ronald Reagan Etxe Zurian zegoela, Argentinan, Txilen eta beste hainbat herrialdetan babestutako diktadurak… Nahi bezala ibili dira urteetan AEBak Hego Amerikan.

Donald Trumpekin Washingtonek berriro jarri ditu begiak haien azpiko kontinentean. Venezuelari tokatu zaio orain. Gustatuko zaigu edo ez Venezuelako sistema politikoa, sinetsiko ditugu edo ez Nicolas Maduro presidente egin zuten hauteskundeetako emaitzak, baina horrek ez dio inori eskubiderik ematen Venezuelaren aurkako esku hartze militarra egiteko, are gutxiago munduan horrenbeste gobernu ustel lagun dauzkaten AEBei.

Nortzuk dira AEBak, berriki erabaki duten bezala, Venezuelako aire eremua ixteko, nazioarteko akordioen arabera hori egiteko eskumena estatuak berak bakarrik badauka? Zer esango genuke Frantziak Lituaniako aire eremua itxiko balu?

Urgentziazkoa da Trumpen politiken aurka dauden estatuek, Europako eta Hego Amerikako hainbatek bereziki, fronte sendo eta hauskaitza osatzea Trump geldiarazi eta daramatzan abusuzko politikei amaiera emanarazteko.

Asko daukagu jokoan Venezuelako auzian, AEBen esku hartzea garaiz gelditzen ez badugu atzetik beste herrialdeen aurkako erasoak etorriko direlako: Kolonbia izan liteke hurrengoa datorren ekaineko presidentetzarako hauteskundeak ezkerreko hautagai Ivan Cepedak irabazten baditu.

Ez da posible ez egotea nahiko indar eta kemen politikorik nazioarteko fronte hori osatu eta Mendebaldea Trump aurreko egoerara ekartzeko. Ez egoera hori merezi duguna zelako, baina Trumpekin askoz okerrago egongo garelako. Denok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.