Lantzean, poz txikiak dakarzkigu eliteko futbolak. Aste honetan bat, Eskoziako selekzioko entrenatzailea den Steve Clarken ahotik: «Ez zorpetu Munduko Txapelketara joateko».
Bistan da, ez da munduko aholkurik iraultzaileena. Lasai asko esatekoa da, hala fortunatuz gero, apaizak igandeko sermoian. Hala ere, ez delako egunero gertatzen, pertsona erakutsi du Clarkek: «Bestela ere arrunt garestia da Ameriketara joatea, bakantzetan bazoaz ere, aurreztu beharra daukazu Atlantikoa zeharkatzeko». Ez du esan, baina entzun egin da ondorioa: «Eta futbolak ez du halakorik merezi».
Hiru herrialderen artean antolatu da heldu den urteko Mundu Txapelketa, alegia, Mexiko, Kanada eta AEBen artean; lehenaz gain, batetik bestera ibiltzeak dakarren guztiarekin hegaldi, bisa, ostatu zein sarreretan. Nola ez, izango da dortokarik erbien jaian (gauden lasai, pozarren erakutsiko dizkigute eta: Cabo Verde, Haiti, Uzbekistan…), baina azaleko senidetze horretan, kapitalaren logikak ezarriko du kirolaz gaindiko horren guztiaren salneurria.
Horregatik ez dira ondo hartu Clarken berbak Nazioarteko Futbol Federazioan. Nola poztuko zuen bada Gianni Infantino presidentea, txapelketarako zozketaren kari, FIFAren Bakearen saria eman bazion Donald Trumpi, kasualitatea, lehen bider aitorpena inori eta noiz eta Nobela jaso gabe geratu ondoren Etxe Zuriko maizterra. Egongo da baten bat faltan izan duenik Unai Simonen errieta FIFAri futbola politikarekin nahasteagatik. Baina halakoxeak gara handikiekin.
Datak gerturatu ahala, asterik aste berotuko gaituzte. Eta nola ez, nazionalismoz mozkortuko, bataren edo bestearen aldeko eztabaidetan sarraraziko, taldeari jarraitzearren dena eman duen zalearen jokabide miragarria erakutsiko. Zerbait nahi eta Marcelo Bielsaz ere oroituko gara: «Futbola herriarena da. Pobreek ez dute aukera handirik zoriontsu izateko».
Hori du futbolak, bata dela eta bestea dela, bizitzako beste edozein arlotan barkaezinak zaizkigunak barkatzen dizkiogula.